Zentro komunitarioen kudeaketari buruzko prestakuntza jardunaldiak antolatu ditu udalak

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 23a, 14:03

Plazara!, Zaharrak Berri eta Antzara proiektuak aztertuko dituzte. Maiatzaren 30ean, 31n eta ekainaren 1, 8, 9 eta 10ean.

Iruñeko Udalak zentro komunitarioen kudeaketari buruzko prestakuntza-jardunaldi batzuk antolatu ditu, xede hartuta gune horien antolaketa eta programazioari buruzko oinarrizko jarraibide batzuk lortzea eta Iruñeko gune komunitarioen sarea ehuntzen jarraitzea. Maiatzaren 30ean, 31n eta ekainaren 1, 8, 9 eta 10ean izango dira jardunaldiak, eta parte-hartzea librea da. Halaber, ludoteka zerbitzua eskainiko da, parte-hartzea eta familia-bizitza bateragarri egite aldera. Jardunaldiak grabatu egingo dira, ondoren Udalaren Pamplonaesparticipacion izeneko Youtube kanalean ikusi ahal izateko.

Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko zinegotzi ordezkari Alberto Labargak, Partaidetzako udal-teknikari Floren Luquik eta Plazara! prozesuko talde-eragileko Peio Zabalzak gaur aurkeztuko dituzte jardunaldiak prentsaurrekoan. Azaldu dutenez, uneotan Iruñean hiru prozesu abian dira, herritarrek kudeatutako hiru zentro komunitario zabaltzea xede dutenak: Plazara!,-Zaharrak Berri eta Antzara. Horietako bakoitzak bere erritmoa eta berezitasunak ditu, baina antzeko gaiak partekatzen dituzte: kudeaketa, adibidez. Zentro bakoitzak izango duen kudeaketa-eredua bilatu eta erabakitzeko bidean, Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorrak sinergiak sortzeko aukera antzeman du, eta hiru prozesuen artean, elkarrekin, gune komunitarioen kudeaketari buruzko prestakuntza-jardunaldiak antolatzea erabaki du. Jardunaldietan landuko dira antolaketa eta funtzionamendua, finantzazioa, programazioa, eta ingurunearekiko zein erakundeekiko harremanak.

Zineforum zikloa

Prestakuntza-jardunaldiak maiatzaren 30 eta 31n eta ekainaren 1ean abiatuko dira, beste zentro sozial eta komunitario batzuetako kudeaketa-esperientzien inguruko zineforumarekin.. Maiatzaren 30ean, asteartearekin, abiatuko da zikloa, honako gai honi buruzko saio batekin: herritar-guneak, sorkuntzarako eta arte-ekoizpenerako eremuak. Txantreako liburutegiko hitzaldi-aretoan izango da, 18:00etan, eta Tabacalera: cultivando autogestión (2014, 55 min.) filma proiektatuko da. Iruñeko Udaleko partaidetzako teknikari Floren Luquik aurkeztuko du zikloa.

Herritar-guneak publiko-pribatu-komuna hirukoan, eta horiek hiria egiteko modu berrian duten zeregina. Hori izango da maiatzaren 31ko (asteazkena) gaia. 17:00etatik aurrera, Calderería kaleko aretoan proiektatuko da Com un Gegant Invisible. Can Batlló i les Ciutats Imaginareis filma. Saio honetan ere partaidetzako udal-teknikari Floren Luquik arituko da aurkezle.

Zineforum zikloa ekainaren 1ean amaituko da, ostegunarekin, 18:00etan, Kondestablearen jauregiko ekitaldi-aretoan. Gune sozialen kudeaketan dagoen aniztasuna aztertuko da: autokudeaketa, kogestioa, etab. Horretarako hainbat bideo eta bideo-zati proiektatuko dira: I Encuentro de la red de espacios ciudadanos bideoaren zati bat (Madril, 2016. 33 min.), La fábrica de toda la vida. El inicio (2015. 17 min.); Barris: un equipament de gestió comunitària (2017. 12 min.);eta La Harinera (2016, 5 min.). Xabier Errea teknikariak aurkeztuko du saioa.

Prestakuntza eta esperientziak

Prestakuntza-ziklo honen bigarren zatia ekainaren 8, 9 eta 10ean egingo da. Ekainaren 8an, ostegunarekin, Udalaren gune komunitarioen proiektuak aurkeztuko dira, eta talde-dinamika bat egingo da, Txantreako liburutegian. Saioa 17:00etan hasiko da eta hasiera emateko ekitaldian egongo dira Alberto Labarga zinegotzia eta prozesu bakoitzeko talde-eragileen ordezkariak. Partaidetzako Alorreko zuzendari Axel Morenok eta talde-eragile bakoitzeko pertsona batek aurkeztuko dituzte hiru prozesuak eta zentro komunitarioen inguruko udal-politika. Aurkezpenen ondoren, lan-dinamika bat egingo da taldeka, zalantzak eta hasierako beldurrak partekatzeko zentro komunitarioen kudeaketari dagokionez. 7-8 talde eratzea aurreikusten da, idazkari eta dinamizatzaile banarekin, lehendabizi talde-lana egiteko, eta gero landutakoa partekatzeko.

Ekainaren 9an, ostiralarekin, saioa Kondestablen izango da, 17:00etatik 20:00etara. Kudeaketa eredu gisa aukeratutako bost esperientziak aurkeztuko dira jardunaldi honetan: Can Batlló (Bartzelona, Ferrán Aguiló), Espacio Vecinal Arganzuela (EVA. Madril, Sacramento Garciarayo eta Manuel González), La casa invisible (Malaga, Kike España), Astra (Gernika) eta Bartzelonako Udala (Laia Forné).

Esperientziak ezagutu eta gero, lehen lantegi bat egingo da erakundeekiko harremanari buruz, hori baita prestakuntzaren lan-ardatzetako bat. Lantegia Laia Fornék bideratuko du, eta dinamizazio komunitarioko zerbitzuak dinamizatuko du, 7-8 lantaldetan.

Ekainaren 10ean jardunaldia goizez izango da. 09:30etik aurrera lantaldeek hainbat dinamika egingo dituzte prestakuntza jasotzeko honako gai hauen inguruan: antolaketa eta funtzionamendua, finantzazioa, programazioa eta ingurunearekiko harremanak. Aurreko egunean bezala, kudeaketa-eredu gisa aukeratutako esperientzietako hizlariek dinamizatuko dituzte taldeak, dinamizazio komunitarioko zerbitzuko dinamizatzaileekin batera. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!