Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

'Erabaki pamplona' webgunea aurkeztu du udalak parte hartzea sustatzeko

Euskalerria Irratia 2017-05-19 07:59   Politika  Iruñea

Bere iritzia eman nahi duen edo bozketetan parte hartu nahi duen edonork erregistratu besterik ez du, sartu ahal izateko.

Iruñeko Udalak demokrazia partizipatiboko plataforma digital bat abiarazi du herritarrek parte hartu dezaten. Erabaki Pamplona deitzen da eta honako hauek egiteko aukera emango dio edonori: prozesu partizipatiboetan elkarreragin, Udalak zein beste pertsona batzuek aurretiaz egindako proposamenak komentatu, ideiak partekatu, proposamenak babestu, sare sozialetan ezagutzera eman eta haien jarraipena egin, udal-eztabaidak eskuratu, eta bozketetan parte hartu. Azken aukerari dagokionez, aurreikusten da Erabaki Pamplona izatea aurten txupinazoa jaurtiko duen pertsona edo erakundea erabakitzeko erabiliko den tresna.

erabaki.pamplona.es plataformaren xedea da hiri demokratikoago bat eraikitzea, irekiagoa, gardenagoa, kolaboratiboagoa, non hiriko biztanleak diren protagonistak. Horregatik kode irekian oinarritutako plataforma partizipatibo gisa garatu da. Edonork ikus dezake nola dagoen eraikia, berrerabili dezake eta hobetu. Horretarako aplikazioan sartu eta erregistratu besterik ez dago. Txupinazoaren bozketaren antzeko kasuetan –eta horietan soilik– Iruñean erroldatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrendako mugatuko da sarbidea.

Plataformari buruzko xehetasun guztiak azaldu dituzte gaur, prentsaurrekoan, Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizartea Ahalduntzeko Alorreko zinegotzi ordezkari Alberto Labargak, Alorreko zuzendari Axel Morenok, eta ANIMSAko zuzendari tekniko Eduardo Tuñónek.

6 prozesu partizipatibo Erabaki Pamplonan

Erabaki Pamplonak hirian garatutako prozesu partizipatiboetako batzuk jasotzen ditu, zehazki honako 5 hauek: Txantrea-hegoaldeko parkea, Alde Zaharra arian-arian, Renove Salesianas Zaharrak Berri, 2017ko Txupinazoa eta Plazara! Prozesu partizipatibo horietako bakoitza zein fasetan dagoen ikus daiteke: informazioa eta komunikazioa, diagnostikoa, ekarpenak, erabakiak, emaitzak edo proposamenen ebaluazioa.

Erabaki Pamplona Madrilgo Udalak garatutako Consul plataforman oinarritzen da, Ruby programazio-hizkuntzan, Ruby On Rails garapen-frameworkean, Linux sistema eragilean, eta PostgreSQL datu-basean. Guztiak erabat libreak dira. Madrilgo Udalak ezarri nahi duten udal guztien eskura jarri du. Adibidez, Bartzelonako Udalak han egiten diren prozesu partizipatiboetan erabiltzen du, eta haien berezko beharretara egokitu du. Berez, Iruñeak decidim.barcelona plataformaren bilakaera aukeratu du erabaki.plamplona.es plataformaren oinarri gisa.

ANIMSAk plataformari ostatu emateko sistemak konfiguratu ditu eta Udal erroldaren aplikazioarekin lotzeko esteka egin du, egiaztatzeko –prozesu partizipatiboak hala eskatzen badu–, botoa ematen duena Iruñean erroldatuta dagoela eta gutxieneko adina duela. Iruñeko Udaleko ordenagailu nagusietatik emango zaio zerbitzua plataformari, https://erabaki.pamplona.es URLean. Plataforma horretako komunikazioak zifratuta egongo dira boto elektronikoaren konfidentzialtasuna gordetzeko, eta prozesuen segurtasuna bermatzeko.

Txupinazorako herri-bozketa, ekainaren 5etik 21era

Ekainaren 2an txupinazoa jaurtitzeko bost hautagaitzak zeintzuk izango diren jakinaraziko da, Sanferminetako Mahai Orokorrean parte hartzen duten elkarteek egindako proposamen guztien artean. Ekainaren 5etik 22ra, Udalak parte hartzeko epe bat irekiko du herritarrek txupinazoa jaurtiko duen erakunde edo pertsona aukeratu dezaten. Iruñean erroldatuta dauden 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute. Bozketa Udalaren www.pamplona.es webgunearen bidez eta Erabaki Pamplonaren bidez egingo da. Civivoxetan hautetsontziak jarriko dira eta Herritarrendako Arreta Zerbitzuaren 010 telefonoan ere bozkatu ahal izango da.

Boto gehien jasotzen dituen pertsona fisiko edo erakundearen izena ekainaren 23an jakinaraziko da, prentsaurrekoan. Bi proposamen irabazleren edo gehiagoren arteko berdinketarik gertatuz gero, elkarrekin eta batera jaurti dezatela proposatuko da.

Maiatzak 24: Teknologia eta demokraziari buruzko I. jardunaldia

Erabaki Pamplona on line tresnaren aurkezpenaren harira jardunaldi bat egingo da, maiatzaren 24an, asteazkenarekin, NAPIko Pío Baroja aretoan (Navarrería kaleko 39an), 09:30etik 13:30era. Demokrazia partizipatiboaren azpiegitura digitalei, teknopolitikari, burujabetza teknologikoari eta software libreari buruz hitz egin eta hausnarketa egiteko antolatuko diren saioetako lehena honako hau izango da: Teknologia eta demokraziari buruzko I. jardunaldia. Demokrazia partizipatiborako azpiegitura digitalak.

Bartzelonako tresna garatu dutenek hartuko dute parte, baita ANIMSAko kideek ere. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren babesarekin, Nafarroako beste udal batzuei gonbit egingo zaie tresna ezagutu dezaten eta haien udalerrietan antzekoa sor dezaten, software librea baita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa