Karlos III.aren Gurutzea zazpi pertsona eta erakunderentzat Nafarroaren irudia nabarmentzen laguntzeagatik

Euskalerria Irratia 2017ko mai. 17a, 18:27

Nafarroako Karlos III. Prestuaren Gurutzea.

Aralar Mendi Elkartea, Nafaroako DYA, Humberto Bustince, José Ulibarrena, Julián Retegi, Mirentxu Purroy eta Javier Ochoa izan dira saridunak. Ekainaren 17an jasoko dute gurutzea.

Foru Gobernuak gaur Nafarroako Karlos III. Prestuaren Gurutzea banatu die zazpi pertsona eta erakunderi, dagozkien jardueren bidez, "Foru Komunitatea garatzen, hedatzen eta ezagutarazten nabarmen laguntzeagatik". Zehazki, zenbait foru-dekretu onetsiz, hauei banatu zaie kondekorazioa: Aralar Mendi Elkartea, "Artzai Eguna" antolatzen duena; Nafarroako DYA bide-laguntza elkartea; Humberto Bustince, zientzialaria; José Ulibarrena, eskultorea; Julián Retegi, pilotaria; Mirentxu Purroy, kazetaria eta Javier Ochoa, enologoa. Kondekorazio hori datorren ekainaren 17an egitea aurreikusita dago.

Nafarroako Karlos III. Prestuaren Gurutzea kondekorazioa 1997. urtea sortu zuen Foru Gobernuak, Nafarroaren aurrerapenean eta Komunitatea kanpoan ezagutzera ematen nabarmen lagundu duten pertsonak eta erakundeak saritzeko. Sariak hain zuzen Karlos III. Noblearen izena hartu zuen. Nafarroako erregeen artean nabarmendu zen, bere izaera baketsu eta adiskidetzailearengatik, kulturaren eta artearen alde egindako ekimenengatik eta Europako gainerako gorteekin bake eta adiskidetasun harremanak ezartzeagatik.

Kondekorazioa gurutze esmaltatu bat da, eta Nafarroako Artxibo Orokorrean gordetzen den ezkozko errege-zigiluan agertzen den Karlos III. eseriaren irudia berregiten da, "Karolus regis navarre" legendaz inguratuta. Atzealdean Nafarroako ezkutua dago, "Nafarroako Foru Komunitatea" adierazpenaren eta "Cruz de Carlos III el Noble de Navarra legendaren gainean.

Sariak

Horrela, Gobernuak Aralar Mendi Elkarteari eman dio saria, "Nafarroako tradizioak eta artzaintza eta gastronomia bereziki sustatzen eta zabaltzen laguntzeagatik". Artzai Eguna antolatzen du eta aurtengoa 50. edizioa izango da.

Nafarroako DYAri dagokionez, Gobernuak hauxe azpimarratu du: "Nafarroako herritarren segurtasuna bermatzen lagundu du, Foru Komunitate osotik banatuta dauden zazpi oinarrien jardueraren bidez. Horrez gain, prestakuntza eta aholkularitza profesionala eskaini die boluntarioei eta herritarrei oro har".

Humberto Bustince Solari dagokionez, Foru Gobernuak hau azpimarratu du: "irakaskuntza eta ikerketa sustatzearen eredu bat da, I+G+b jarduerei aplikatuta, beraz, ikerlan zientifikoak berritzen eta Nafarroan ezagutza eta ikerketa garatzen lagundu du".

Joxe Ulibarrena Arellanori dagokionez hau nabarmendu du: "Nafarroako kultura bultzatzen lagundu du, jarduera sortzaile eta gizarte-talde baten bizimodua gisa".

Julián Retegui Barberíari buruz hau adierazi du: "antzinako kirola den esku-pilota sustatu eta zabaldu du, Nafarroan bertan eta Nafarroatik kanpo garatzen eta hedatzen lagunduz".

Mirentxu Purroy Ferreri dagokionez, Gobernuak azpimarratu du "informaziorako eskubidea sustatu, bultzatu eta garatu" duela.

Azkenik, Javier Ochoa Martínezi dagokionez, hau adierazi du Gobernuak: "Nafarroan garrantzitsuenetako bat den nekazaritzako elikagaien sektorea sustatzen, bultzatzen eta garatzen lagundu du, eta Foru Komunitatearen izena mundu enologikoaren sektorerik ospetsuenetara eraman du".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!