Iruñerriko euskaldunon agerkaria
euskalerriairratia.eus

Arrosadiako Plan Berezia: gune publiko bat, oinezkoentzako ibilbideak eta erabilera komertzialak berritzea

Euskalerria Irratia 2017-05-17 08:18   Gizartea  Iruñea

Udalak lehiaketara aterako du Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren erredakzioa, 242.000 euroan, eta 2018rako prest egon beharko da.

Iruñeko Udalak, Hirigintza Gerentziaren bitartez, lehiaketara aterako du Milagrosako Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren erredakzioa, auzo hori biziberritzeko oinarri izan nahi duen dokumentua. 242.000 euroan (BEZa barne) lizitazio publikora aterako den lan horren parametroak urtebetean osatu beharreko lau fasetan egituratuta daude, eta auzoaren erdigunea berregituratzea proposatzen da, bertan gune publiko libre bat eratzeko, ardatz egituratzaile gisa.

Gune horrekin batera, Hirigintza Gerentziaren arduradunen antolamenduak oinezkoendako barne-ibilbideak sustatzea jasotzen du, erabilera komertzialak biziberritu eta suspertze aldera, bai eta Lehentasunez Birgaitzeko Eremu bat eratzea ere, gune zaharrenetan. Halaber, lizitazioaren baldintza teknikoen barruan sartzen da plan berezia gauzatzerakoan ezagutzera eman eta garatu beharko den herritarrendako prozesu partizipatibo bat diseinatzea, herritarren iradokizunak bideratu eta planean sartze aldera.

Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako zinegotzi ordezkari Joxe Abaurreak eta Hirigintza eta Etxebizitza Alorreko zuzendari Vicente Tabernak aurkeztu dute gaur goizean proiektua. Lan honen abiapuntua 2015ean Milagrosan egin zen EDUSI (Hiriaren Garapenerako Estrategia Integratu eta Jasangarria) proiektuaren azterketa da. Diagnostiko horrek ahulezi zehatzak definitzen zituen auzoko hirigintza eta ingurumenari dagokionez, eta azpimarratzen zuen kende-kopuru handia bizi zela antolamendu txar eta espazio gutxiko eraikinetan.

Aintzat hartzeko faktore gisa agertzen dira baita ere zonaldearen orografia zaila, ibilgailu-kopuru handia, espazioa betetzeraino, Zaragozako etorbideak egiten duen muga fisiko eta psikologikoa, bizilagunendako aparkalekurik eza, bidegorri eskasia, eta garraio publikoak kanpoaldeko kaleetatik ibili beharra. Arazo horiek konpontzeko esku hartzea izan beharko da Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren lehentasuna.

Lau fasetan egingo den lana

Erredakzio-kontratua esleitu zaion enpresa edo estudioak lau fasetan egituratutako prozesu bat abiatzea da asmoa, eta 12 hilabetetan amaituta egon beharko da. Batetik, lehenengo fasean informazioa bildu eta aztertuko da, eta bigarrenean diagnostikoa eta herritarren proposamenak jasoko dira, horretarako beharrezkoa izango den prozesu partizipatibo baten bidez. Hirugarren fasean aurreproiektua bera erredaktatuko da eta horri dagokion tramitazio administratiboa egingo da. Azkeneko fasea espedientearen amaierarena litzateke, testuari egin dakizkiokeen alegazioak erantzunez.

Lizitazioaren guztizko zenbatekoa 242.000 eurokoa izango da (BEZa barne), 2017 eta 2018 urteetarako, eta lizitazioaren baldintzak bihar onartuko dira Hirigintza Gerentzian, eta laster Nafarroako Kontratazioaren Atarian argitaratuko dira. Lizitazioan aurreikusitakoarekin bat, esleipen-irizpideen arabera eman daitezkeen puntuen % 80k proiektu teknikgainontzekooarekin zerikusia izango dute, eta  % 20k, eskaintza ekonomikoarekin. Jarduketa-eremua Milagrosa auzoa eta Santa María la Real izango dira, eta eragina izango du, baita ere, XVI. unitate integratuko bi zonaldetan (Arrosadia-Lezkairu). Hiri Jarduketarako Plan Bereziak gune mugakideetan ere jardutea iradokitzea ere aurreikusten da.

Orain arte bildu diren diagnostikoek (2002ko Udal Plana; Lehentasunez Birgaitzeko Eremu proposamena, 2014an; EDUSI diagnostikoa, 2015ean) esku-hartze integral bat egiteko ildo argiak seinalatzen dituzte. Plan berriak ikerketa horiek bateratu eta osatuko ditu, eta analisirako lehen fasean honako gai hauek hartuko ditu ardatz: auzoaren morfologia eta tipologia; indarrean dagoen Udal Planaren betetze-maila; biztanleen eta etxebizitzen egoera; eraikinetara sartzeko irisgarritasun-arazoak eta energia-eraginkortasuna; ekipamenduak (publikoak zein pribatuak); gune libreak eta parkeak; erabilera eta jarduera ekonomikoak; kultur ekipamenduak, etab. Fase honek 4 hilabete irautea aurreikusten da, eta lizitazioan 20 puntura arte lor ditzake fase honen diseinuak.

Parte-hartze publikoa eta aurreproiektua

Erredakzioaren bigarren faseak (beste 4 hilabeteko iraupenarekin) elkarte zein auzotarrekin prozesu partizipatibo bat egitea jasotzen du (aurrez eragile sozial esanguratsuenak identifikatuta), antolaketako proposamen zehatzak egin ahal izan ditzaten. On-line zein aurrez aurreko prozesu partizipatiboetan frogatutako metodologiarekin, Udalak eragile sozialek esku hartzeko sistemak bultzatuko ditu, haien proposamenak bideratze aldera, ematen diren pausuei buruzko informazio proaktiboa hedatzeaz gain.

Auzotarren prozesuaren emaitzak Udaleko Hirigintza Gerentziak baloratuko ditu, eta Hiri Jarduketarako Plan Berezia erredaktatzeko kontratuaren esleipendunarekin aurrez kontsultatu aurretik, etorkizuneko aurreproiektuan sartuko diren ala ez erabakiko du. Fase horren diseinua eta gauzatzea lehiaketako puntuen % 20arekin baloratuta dago, eta parte hartzeko, enpresek langileen artean soziologo, psikologo edo alor horietako profila duen profesionalen bat izan beharko dute.

Azken faseak: tramitazio administratiboa

Enpresa esleipenduna arduratuko da, orduan, dagokion esku-hartze aurreproiektua erredaktatzeaz. Erabilera xehatuak egokituko ditu, eraikinen tipologiak, eta banaketa aldeak zein aprobetxamenduak iradokiko ditu (eta plazak finkatuko ditu, garatze aldera). Testuak Udal Planaren katalogoa aldatu ahal izango du, hala behar izatekotan (esparruak, gune libreak, eraikinak, monumentuak...), bai eta beharrezkoak diren berdeguneak mugatu, ekipamenduetarako lursailak ezarri, aparkalekuak, bidegorriak eta oinezkoendako ibilbideak zeineremu publikoa berrurbanizatzeko jarduketak proposatu; eta diseinatutako esku-hartzeek suposatuko luketen zenbatespen ekonomikoa zehaztu.

Hiru hilabete iraungo dituen fase honetan auzoarendako esanguratsua izango den erdigunea proposatu beharko da (kokapen zehatzak lehiaketan parte hartzen dutenek proposatu beharko dituzte), gune publiko libre batean oinarrituta, zeinaren inguruan ekipamenduak eta oinezkoendako ibilbideak egongo diren, eta zonaldeko erabilera komertzialak biziberrituko dira inguruan. Azken proposamen honek, erdiguneak, proiektu teknikoaren 80 puntuetako 25 lor ditzake, eta hirugarren fase honetako gainontzeko planeamenduak gehienez ere 15 jaso ahalko ditu.

Laugarren eta azken fasean, lehen onespena eta dagokion azalpen publikoaren ondoren, alegazioei erantzuna emango zaie –alegaziorik balego–, azken txostenean balizko aldaketak sartuko dira, eta testua prestatuko da behin betiko onetsi dadin (hilabete bat).

Lehentasunez jarduteko auzoa

Hiri Jarduketarako Plan Berezia erredaktatzeko inbertsioak eta plangintza horretatik seguru aski eratorriko diren jarduketak Iruñeko Udalak auzoan inbertitzeko jada konprometitutako 2,5 milioi euroei gehituko zaizkio. Aurten hasi eta hurrengo lau urteetan zehar, urteko 500.000 euro inbertituko dira, EDUSI estrategiaren barruan (Hiriaren Garapenerako Estrategia Integratu eta Jasangarria).

Hortaz, Milagrosa lehentasunez jarduteko auzo bilakatuko da, eta gainera, Udalak etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzera bideratzen dituen funtsen zati handi bat jasoko du (aurtengo aurrekontuetan, 2,16 milioi euro). Horri Europako funtsak gehitu ahal zaizkio, Udalak foro horretara jo baitzuen jada 2016an, Milagrosarako aurreikusitako inbertsioa 5 milioi eurora arte osatzeko asmoz. Deialdi hartan EDUSI proposamena finalisten artean geratu zen, finantziaziorik jaso ez bazuen ere.

Hiri Jarduketarako Plan Bereziak barne hartzen du Milagrosa auzoa osorik, Zaragozako eta Galiziako etorbideek mugatuta; Zangoza, Larrabide eta Bergamín kaleak, Taxoare kalea (Sebastián de Albero kalearekin bat egin arte), Blas de la Serna eta Queiles Errekaren kaleak. Santa María la Real auzoko zati bat ere barne hartzen du: Mutiloabeiti, Taxoare, Errege Bardea eta Monjardin mendiaren kaleen artekoa, hain zuzen ere.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa