Redin eta Cruzatarren jauregian herritarrek kudeatutako gizarte- eta kultura-gune komunitario bat garatzeko Plazara! prozesu partizipatiboaren I. faseak 2.014 ekarpen jaso ditu, eta eraikina birmoldatzeko proiektuaren planoetan irudikatu dira. Prozesuan parte hartu dute gizarte- eta herri-kolektiboek, udal-teknikariek, tokiko eragile ekonomikoek eta parte hartu nahi izan duten lagun guztiek.
Bigarren faseari ekingo diote orain: etorkizuneko zentro komunitarioko kudeaketa-eredua zehaztea izango da fase horren xedea.
Jasotako proposamenak aurrez lau kategoriatan sailkatu ziren: kultura, gizartea, artea eta arkitektura. Jasotako ekarpenen bidez proposatutako jardueren kudeaketaren eta sailkapenaren emaitzek bide eman diote erabileren zerrenda egiteari. Eta horren bitartez, beharren oinarrizko programa zehaztu da, eraikina berritzeko proiektua egite aldera. Erabilerak honako hauek dira: bilera-aretoak, ikasgelak, jantokia, bulegoa, kontzertuetarako gunea, entsegu-aretoak, ekitaldi-aretoa, irratia, zinema, ikus-entzunezko teknologiak, sukaldea, taberna-kafetegia, ludoteka eta arte plastikoak. Hartara, eraikina gaitu beharra dago parte hartu nahi duten herritarrek eta kolektiboek bertan egin ditzaten jarduera horiek eta beste asko gehiago.
Plazara! herritarren ekimenetik abiatu eta Iruñeko Udalarekin batera garatzen da. Hiru fasetan banatzen da: lehenengoan, herritarrek eta gizarte zein kultur taldeek edo erakundeek egin dituzte ekarpenak etorkizuneko Zentro Komunitarioaren egoitza izango den eraikinari eman nahi zaizkion erabilerei dagokienez. Bigarren fasean, kudeaketa-ereduaren, filosofiaren eta antolaketaren inguruan eztabaidatu eta akordioak hartuko dira. Azkenik, hirugarren faseak –datorren ikasturte hasierarako aurreikusita dago–, zentro komunitario berria garatu eta abiatzea izango du ardatz.
Prozesuan hainbat bide izan dira proposamenak jasotzeko
Plazara! prozesu partizipatiboaren lehenengo fasea joan den abenduaren 12an abiatu zen, Redin eta Cruzatarren jauregiaren erabilerak zehazteko helburuarekin. Horretarako herritarren proposamenak jasotzeko hainbat bide ireki ziren. Batetik, Alde Zaharreko auzotarrei triptikoak bidali zitzaizkien eta auzoko toki estrategikoetan postontziak kokatu ziren, biztanleen ideiak jasotze aldera. Bide horren bidez, guztira, 183 proposamen jaso ziren. www.plazara.netwebgunea ere sortu zen, prozesuari eta haren garapenari buruzko informazioarekin, eta formulario batekin, zeinaren bidez 59 proposamen jaso baitira. Lantegi partizipatiboak antolatu ziren gizarte eta kultur arloko interes-taldeekin –hauen bidez 600 ideia baino gehiago bildu ziren–, eta ia 30 pertsona eta kolektibo gakori elkarrizketak egin zitzaizkien, 164 proposamen bilduz.
Halaber, prozesuari ikusgaitasun handiagoa emateko eta herritarrei parte-hartze aktiboago bat eskaintzeko, zenbait kale-dinamika egin ziren: Redin eta Cruzat ibiltaria, zeinaren bidez 200 ekarpen baino gehiago bildu baitziren; bisita gidatuak jauregira, Tiburcio Redin Cruzat-en eskutik –600 proposamen bitarte bildu ziren horrela–; haurrendako dinamika bat, non gazteenek etorkizuneko gune horretarako 40 ideia baino gehiago helarazi zituzten; eta Desioen esekitokiak –hauen bidez 146 ekarpen jaso ziren eta proposamenak jasotzeko faseari amaiera eman zitzaion–.
Bide eta mekanismo partizipatibo guztietako proposamenak multzokatu ondoren, talde eragilea eta Udala elkarlanean aritu ziren proposamen horiekin beharrei buruzko plan bat egiteko, Redin eta Cruzatarren jauregiaren birmoldaketa proiektua garatu eta espazioa erabilera berrietara egokitze aldera. Fase honen xedea izan da proposamen kopuru ahalik eta handienari bide ematea, betiere honako irizpide hauek aintzat hartuta: errespetua, inklusibitatea, balioaniztasuna, irisgarritasuna, funtzionaltasuna eta jasangarritasuna.
Instalazio elektrikoa eta komunak egokitu, eta trenkadak botatzeko lanak
Proposamen horien kudeaketaren emaitza eraikina birmoldatzeko proiektuaren planoak dira, talde eragileko arkitektura taldearen eta Iruñeko Udaleko Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorraren artean diseinatuta. Prozesuaren bigarren fasearen ondoren hasiko da obra gauzatzen, eta ardatz hartuko ditu instalazio elektrikoa egokitzea, eraikin osorako wifi sarea jartzea, komunak indarrean dagoen irisgarritasun-araudira egokitzea, eta zenbait trenkada botatzea, espazio zabalak eta erabilera anitzekoak sortze aldera.
Nolanahi ere, gaur arratsaldean jendaurrean egindako aurkezpenean azaldutakoaren arabera, jarduerak gauzatuko badira atzean pertsona edo talde eragilea eduki beharko dute, horiek abiatu eta dinamizatzeko.
Bigarren faseko hiru aldiak: prestakuntza, eztabaida eta erabakia
Plazara! prozesu partizipatiboaren bigarren faseak xede dauka zentro komunitarioaren kudeaketa-eredua zehaztea. Hiru alditan egituratuko da: lehenengoak gizarte zentroen eta zentro komunitarioen kudeaketari buruzko prestakuntza izango du ardatz; bigarrenean, gune honetarako nahi den kudeaketa-eredu propioari buruz eztabaidatuko da; eta hirugarrenean, kudeaketa-eredua erabakiko da, Redin eta Cruzatarren jauregirako, Plazara! prozesuaren emaitza gisa.
Prestakuntza aldirako, zineforum bat antolatu da, hiru egunetan zehar egin beharrekoa. Maiatzaren 30ean, 18:00etan, Txantreako Liburutegi Publikoan honako gai hau jorratuko da: Herritar-guneak, sorkuntzarako eta arte-ekoizpenerako eremuak. Biharamunean, 17:00etan, Herritar-guneak publiko-pribatu-komuna hirukoan, eta horiek hiria egiteko modu berrian duten zereginari buruz eztabaidatuko da, Caldereria kalearen 11ko Aretoan. Amaitzeko, ekainaren 1ean, ostegunarekin, 18:00etan, Kondestable Civivoxean, ezagutzera emango da Aniztasuna gune sozialen kudeaketan: autokudeaketa, kogestioa, etab.
Eztabaidarako aldian, hiru lan saio egingo dira, herritarrendako irekiak, ekainaren 15, 22 eta 29an, 18:00etan, Kondestable Civivoxean. Azkenik, hirugarren aldian, erabakitzeko aldian, gune komunitarioaren behin betiko kudeaketa-eredua zehaztuko da.
XVII. mendeko eraikina, zazpi urtez erabili gabea
Redin eta Cruzatarren jauregia XVII. mendekoa da, eta Redin eta Cruzatarren familiarena izan zen. 1983an, aurri egoeran zegoela, Udalak erosi eta jarraian birgaitu zuen, Joaquín Maya Udaleko Musika Eskolaren egoitza izan zedin, 2009an eskola hori Aita Moret kalera lekualdatu arte. Orduz geroztik ez du inongo erabilerarik izan.
Eraikinaren guztizko azalera erabilgarria 1.261,65 m² da: 463,30 m², beheko solairuan; 457,96 m², lehenengoan; 260,13 m², bigarrenean; eta 80,26 m² hirugarren solairuan. Karga-horma paralelo eta kale Nagusiarekiko perpendikularrek eusten diote egiturari. Horrez gain, bi horma nagusi daude, eta beste bi horma bitarteko. Horma bitarteko horiek hiru hormartetan banatzen dute gunea: erdikoa (8 metro zabal) eta alboetakoak (4 metro zabal ezkerrekoa, eta 5 metro zabal eskuinekoa). Erdiko hormartetik eskailera bat abiatzen da, sabai-leiho zabal batek argiztatua, eta haren bidez lehen solairura iristen da. Eskuineko hormartean igogailu bat eta beste bi eskailera daude: horietako batetik, solairu guztietara hel daiteke, eta beste eskaileratik, lehen solairura baino ez.