Egitasmo honen helburua ikertzaile gazteen ikusgarritasuna areagotu, sarea osatu eta euskarazko produkzioa sustatzea da.
Ikergazte kongresua antolatzeko Hego Euskal Herriko unibertsitate guztiak aritu dira elkarlanean.
Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) “IkerGazte: Nazioarteko ikerketa euskaraz” Kongresuaren egitaraua aurkeztu zuen Iruñean joan den ostegunean. Bertan Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak; Miren Josu Omaetxebarriak, ikertzaile eta kongresuaren arduradunak; Patxi Salaberrik, NUPeko katedradun eta kongresuaren arduradunak; Ramón Gonzalok, NUPeko Ikerketa errektoreordeak; Jon Zaratek, UPV/EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzaren errektoreordeak; Rafael Aldabek, NUko ikertzailea etabatzorde Zientifikoko kideak; Elixabete Perezek, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuko zuzendariak eta Jose Ramon Vitoriak, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko Ikerketa zuzendariak parte hartu dute.
Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak, berak ordezkatzen duen erakundearentzat egitasmo honek duen garrantzia azpimarratu du: “UEUren helburu garrantzitsuenetako bat izan da bere hasieratik euskal komunitate zientifiko-intelektuala trinkotzea. Elkarren berri izatea ezinbestekoa da ezagutzak aurrera egin dezan, are gehiago gure kasuan, euskaraz lanean dihardugun ikertzaileak hain sakabanatuta egonda. Ildo horretatik, UEUk hainbat arlotako adituak bildu izan ditu ekimen ezberdinetan azken hamarkadetan. Pozik esan dezakegu ikertzaile euskaldunak inoiz baino gehiago garela, baina gure arteko ezagutza urria da oraindik. Hutsune horretaz jabetuta, 2010. urtean ezagutza alor guztiak bilduko zituen kongresu baten ideia sortu zen UEUn, eta duela bi urte Durangon antolatu genuen. Apustu oso handia izan zen lehenbiziko kongresua UEUrentzat, eta are gehiago bigarren hau, beti esaten baita bigarrengoa antolatzea izaten dela zailena. Bestetik, argi genuen edizio hau Nafarroan egin nahi genuela, eta horregatik oso pozik esan dezakegu gure aurreikuspen guztiak gainditu egin direla, une honetan 180 ikertzailek eman baitute izena kongresuan. Arrakasta ziurtatuta dago, eduki aldetik ere guztiz oparoa baitator kongresua. IKERGAZTE erreferentzi bat bihurtzea nahi dugu, eta bi urtetik behin antolatzen jarraitu nahi dugu. Zalantzarik gabe, UEUrentzat ikasturte honetako erronka handienetakoa da hauxe, eta horri aurre egiteko bidelagun ezin hobeak ditugula esan behar dugu. Izan ere, kongresu honen babesleak NUP, UPV/EHU, Nafarroako Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udala baitira”.
Patxi Salaberrik, NUPeko katedraduna eta kongresuko arduradunak hartu du ondoren hitza: “Zinez pozgarria da euskararen munduan mugitzen garenontzat Ikergazte bezalako kongresu batean parte hartu ahal izatea, hemen ikusten baita garbienik gure hizkuntzak zenbat aurreratu duen azken urteotan, ikerketaren arloan bederen. Honek ez du esan nahi partaideek beste hizkuntza batzuetan idazten eta argitaratzen ez dutela, baina bai, ordea, euskaraz egiteko gauza badirela eta hau, hasieran adierazi bezala, biziro pozgarria da, ikertzaile prestatuak izatea ezinbestekoa delako, euskarak etorkizun argia izan dezan”.
Ramón Gonzalok, NUPeko Ikerketa errektoreordeakunibertsitatearen oinarrietako bat ikerketa dela nabarmendu du: «Espainiako produkzioaren %70 baino gehiago unibertsitateetan egiten da, eta neurri handi batean, doktoregaiak dira ikerketaren motorra». Era berean, IKERGAZTEk suposatzen duen erronka bikoitza ere aipatu du: «alde batetik ikertzaile gazteen elkartrukea baliatzen duelako eta hori euskara mundu zientifikoan ardatz hartuta egitea, non gero eta ikertzaile gehiagok erabiltzen duten». Zentzu horretan, errektoreordeak gogoratu du NUPek euskararen alde egiten ari den apustua eta nola, ikerketa alorrean euskarazko bikaintasunaren sustapen zientifikoa aurreikusten dituen ekintzak antolatu eta erabilera zientifikorako garapenean ere ekarpenak egingo dituztela.
Jon Zaratek,UPV/EHUko Euskara eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordeak bere unibertsitateak euskarazko ekoizpen zientifikoaren alde egindako apustu sendoa azpimarratu du: «Duela bi urte bezala, aurten ere UPV/EHUk ahalik eta laguntzarik handiena eskaintzeko esfortzua egin du. Batetik, ekimena babesteko hitzarmena sinatu dugu UEUrekin eta horrez gain, IkerGazten ahalik eta UPV/EHUko ikertzaile kopuru handienak parte hartu dezan, gure unibertsitateko ikertzaileengandik jasotako diru-eskaera guztientzako laguntza eman dugu. Inguma datu-basean topa daitekeen lehen euskarazko doktorego-tesia 1976. urtekoa da, Rikardo Arrue kardiologoak UPV/EHUn aurkeztutakoa. Datu-base berean oinarritzen bagara, 2000. urtean 12 doktorego-tesi defendatu ziren euskaraz UPV/EHUn eta 2016. urtean 51. Bestalde, Ekaia, Gogoa eta Tantak euskarazko aldizkari zientifikoei laguntza berezia eskaintzen zaie UPV/EHUn eta gure ikertzaileek artikulu zientifikoak euskaraz ekoiztu ditzaten aitortza egiten da Jardun Akademikoaren Planean. Zehazki, Ingumako datu basean jasotako aldizkari zientifikoetan UPV/EHUko ikertzaileek 118 artikulu argitaratu zituzten 2016. urtean. Ahaztu gabe UPV/EHUko Kultura Zientifikorako Katedrako Zientzia Kaiera blogean, 380 dibulgazio artikulu argitaratu zirela euskaraz 2016. urtean».
Rafael Aldabek, Nafarroako Unibertsitateko irakasle eta Batzorde Zientifikoko kideak diziplinarteko interakzioaren garrantzia handia dela adierazi du: "Nafarroako Unibertsitatea poz-pozik dago modu aktibo batean kongresuan parte hartzeagatik, dela gure ikertzaileen presentziarekin dela antolakuntza-lanetan. Oso kontent gaude Ikergazteren bigarren edizioa Iruñean izango delako. Gogora dakarzkigu Larraonako ikastegian egin ohi ziren udako jardunaldietako ikastaroak eta espiritua. Biziki garrantzitsua deritzogu mota honetako jarduerak babesteari. Ikertzaile gazteak motibatzen dituzte sortzen duten zientzia hedatzera eta partekatzera, diziplinarteko interakzioan oinarrituak diren kolaborazio molde berriak esploratuz".
Elixabete Perezek, Deustuko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Institutuko zuzendariak unibertsitateek ikerketan euskararekiko duten erantzukizuna aipatu du: “Deustuko Unibertsitatea pozik dago euskal unibertsitateen topagunea den Udako Euskal Unibertsitatean auzolanean aritzeko aukera izateagatik. Ikerketa euskaraz argitaratzea erraza ez da gaur egun, baina euskal unibertsitateek ezin diote erantzukizun horri bizkar eman. Are gutxiago eman behar dio bizkarra ikerketarako ezinbestekoa den ikerketa bera zabaltzeari, gizarteratzeari. Unibertsitateen ardura da hori; besteak beste, euskal unibertsitateek egiten ez badute beste inork nekez egingo duelako. Unibertsitateen ardura da, era berean, gazteak ikerketara bideratzea eta euskal unibertsitateena gazteak euskaraz argitaratzera bultzatzea. Ea erantzuna lortzeko aski indarra duen! Deustuko Unibertsitateak akuilu moduan hartzen du aurkezten ari garen ekitaldiak gordetzen duena”.
Jose Ramon Vitoriak, MUko HUHEZI fakultateko ikerketa zuzendariak berak ordezkatzen duen unibertsitateak euskararekiko duen konpromisoa azpimarratu du: “Mondragon Unibertsitateak bere misio eta baloreetan bertan jasota dauka unibertsitate EUSKALDUN izaera eta bere sorreratik bere jarduera ezberdinetan hori garatzea izan da bere helburua (hezkuntzan nahiz ikerketan). Mondragon Unibertsitatean hezkuntzan eta Ikerketa arloan euskararen erabilera bultzatzeaz gain, ikasketa amaierako proiektuak ere euskaraz egiteko sustapen ekimenak ere burutzen ditugu. Gure ustez, ikerketa euskaraz bultzatzeko ez da nahikoa unibertsitate barruan hortaz saiatzea (ikasle, doktoregai, ikerlarien artean), gure ezagutza berria gizarte osoari bideratu behar dugu eta enpresatara, erakundeetara eta, noski, Akademiara ere, era normalean ere iritsi beharko genuke. Mondragon Unibertsitateak euskararen aldeko apustu garbia eta sendoa egiten jarraituko dugu” .
Azkenik, Miren Josu Omaetxebarriak, Kongresuko arduradunak egitaraua aletu du: “Iñakik aipatu duen moduan, IkerGazte proiektu handia da, eta hori antolatzeko Euskal Herriko unibertsitate eta ikerketa talde desberdinetako luxuzko aditu taldea dugu bidelagun (ikusi zerrenda oharraren bukaeran). Ikertzaileentzat ez ezik, kongresua ikertaldeentzat ere oso interesgarria izango da elkarlan berriak egin ahal izateko, jende berria beraien taldera erakartzeko zein euskaraz aritzera motibatzeko. Kongresua hiru egunetakoa izango da barnetegi moduan, elkar ezagutza errazteko asmoz. Hau da, gure helburua parte hartzaileek hiru egunak Iruñean pasa ditzaten nahi dugu (lotarako ere), eta alor akademikotik haratago ere ekintzak prestatuko ditugu. Programa akademikoari dagokionez, egitarauan bost saio mota egongo dira: hitzaldi orokorrak, ahozko komunikazioak, posterrak, tailerrak eta mahai inguruak”.
- AHOZKO AURKEZPENAK ETA POSTERRAK: 122 komunikazio.Ikertzaileek aurkeztutako ekarpenak azaltzeko egingo dira. Beraz, bertan, tesiak eta tesinak (bukatuak zein bidean), bukatutako proiektuak (emaitza zehatzak dituztenak), ondorengo ikerkuntzan landutako proiektuak (doktoretza lortu osteko ikerkuntza).
5 jakintza arloetan banatutako aurkezpenak izango dira, paraleloan programatuko direnak.
- TAILERRAK ETA MAHAI INGURUAK:
Tailerrak:
- Komunikazioa errazteko teknikak.
Amagoia Lauzirika. Jendaurreko komunikazio eta bere gaitasunen garapenerako trebatzailea.
- Informazioaren irudikapena. Nondik hasi?
Vega Asensio. Biologian doktorea eta Zientzia Bisualean eta Ilustrazio Zientifikoan aditua.
- Euskaraz hobeto idazteko tailerra
Ander Altuna. UEUko zuzentzailea.
- Ingurune digitalaren inguruko ikerketak diziplina aniztasunaren ikuspegitik: sarea egiten
Errota digitala. Ikerketarako, dibulgaziorako eta formaziorako elkartea #Audiences #Transmedia #MediaEcology #MinorityLanguages
- Bibliografiaren kudeaketa Zotero erabiliz
Juanan Pereira. UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea
- Ikerketatik irakaskuntzara: gaitasun digitala giltzarri
Amaia Arroyo eta Rakel Gamito. Konpetentzia digitaletan eta online-ko irakaskuntzan adituak.
Mahai inguruak:
- Ikerketa eta politika. Politika eta ikerketa.
Gidaria: Josu Amezaga. UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakasle eta ikertzailea. NOR Ikerketa taldeko koordinatzailea. Parte hartuko dute: Itziar Alkorta, Mari Luz Esteban, Inma Arostegi eta Emilio Majuelo.
- Euskarazko aldizkari zientifikoen etorkizuna
Gidaria. Xabier Isasi. UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea. UEUko zuzendari ohia.
Parte hartzaileak: Belen Uranga (BAT), Asier Vallejo (EKAIA), Aitziber Agirre (ELHUYAR), Karlos del Olmo (SENEZ),Gidor Bilbao (UZTARO).
- HITZALDI OROKORRAK:
- “A Journey into the World of Galaxies“. Laurence Tresse (Lyoneko astrofisika ikerketa zentroko zuzendaria).
- “Katedralaren eraikuntza“. Jose Ramon Etxebarria (UPV/EHUko irakasle eta ikertzailea, UEUkidea).
- “Bizitza eta karrera ikerkuntzan: Nire esperientzia”Arkaitz Carracedo (CIC BioGUNEko Onkologia Molekularra ikerketa taldeko burua).
- «How can comparative reasearch and international colaboration contribute to minortised language reasearch?». Elin Haf Gruffydd Jones. Aberystwyth unibertsitateko irakasle eta ikertzailea.
- SAIO OSAGARRIAK:
- Ibilbidea Iruñean zehar LABRITOURSekin.
- “Gure (zinemaren) sorlekua”: Euskarazko lehen filmean oinarritutako ikerketa eta dokumentala Zaldiko Maldikon. Josu Martinez.
- Ezkabara txangoa Txinparta elkartearen eskutik.
- Landatik hirira: nekazaritza ekologikoa eraldatzeko tresna.
Bertso afari ilustratua: Julio Soto eta Uxue Alberdi. Gai jartzailea: Ainhoa Aranburu. Marrazkilaria: Asisko Urmeneta.