Lan prekarietate gutxiago izanen dute Iruñeko Udaleko langileek, eta gutxien kobratzen duten postuetan gehiago kobratuko dute. Hori lortu dute, Iruñeko Udalarekin hitzarmen kolektiboa sinatuta. %80,9ko babesa izan du akordioak.
Ez da lorpen makala, izan ere, hamar urte zeramatzaren langileek eta udalak negoziatzen, fruiturik lortu gabe. UPN joan, eta udal berriak lortu du. "Poza" azaldu du Joseba Asiron Iruñeko alkateak eta udalak daukan "kudeatzeko gaitasuna" laudatu.
1.900 langileen hitzarmena
Udaleko administratiboak eta funtzionariak diren 1.467 pertsonari eraginen die akordioak, bai eta hitzarmen hori erreferentzia gisa duten beste 400 behargineri.
LABek, SPMPk, SPPMEk, CCOOek, Afapnak eta ELAk babestu dute akordioa. Horregatik, sindikatuek egindako lana izan du gogoan Giza Baliabideen zinegotzi Patricia Peralesek, eta negoziazioetan izandako jarrera eskertu die.
Bi urterako hitzarmena
2017tik 2019ra egonen da indarrean hitzamen berria eta aukera berdintasuna eta politika linguistikoa ere aintzat hartuko ditu.
Neurri nagusiak, honakoak: soldata apalenak dauzkatenei ehuneko %2,5 eta %14 artean handituko die ordain saria. Bestalde, behin behinekotasun tasa %35etik %6ra murriztuko du. Gainera, gardetasuna bermatuko du, lan eskaintza publiko guztietan eta kontziliazio neurriak ezarri. Halaber, sanferminetan eta jai egunetan plusak emanen dizkiete langileei. Absentismoa gutxitzen saiatuko da eta Behin Betiko Ezintasun Aseguruak bultzatuko ditu.
Hitzarmenarekin kontent badago ere, kexu azaldu da udala Madrilekin, izan ere, estatuko Finantza Egonkortasun Legeak “mugatu”egiten du hitzarmenean ados daitekeen hori. Patricia Perales Giza zinegotziak erreposizio tasa eta saldata igoerei jarritako mugak aitatu ditu.