Foruzaingoaren 2016-2020 aldirako Gida-plana egin du Nafarroako Gobernuak

Euskalerria Irratia 2017ko api. 26a, 18:58

Agiri horren bitartez datozen urteetan Foruzaingoaren eboluzioa zer nolakoa izan daitekeen zehazten da.  Lortzen diren eskumenen arabera, 1215 eta 2000 agente beharko direla aurreikusten da. 

Nafarroako Gobernuak Foruzaingoaren 2016-2020 aldirako Gida-plana egin du; plan horretan, datozen urteetan erakunde hori garatzeko ildo estrategikoak definitzen dira: beren egitekoak eta eskumenak betetzeko polizia-eredua eta eszenatokiak, beharrezko polizia kopurua, eta plana aplikatzearen kostu ekonomikoa.

Helburu nagusia da Foruzaingoaren lurralde-hedapena sendotzea, herritarrek beren arazoak konpontzen parte hartzen duen zerbitzu publiko gisa ikus dezan, proaktibotasunean, adimenean eta berrikuntzan oinarrituta, pixkanaka eskumenak bere gain hartzen joan dadin.

Horretarako barne antolaketari dagokionez hiru ildo estrategiko nagusi zehazten dira: lehena, zer nolako polizia eredua nahi den argitzea.  Zer nolako tokitan, egoeratan aurrera eramanen dituzten funtzioak eta zein eskumen izanen dituzten; bigarrena, zenbat agente izanen liratekeen beharrezkoak jasotzen da; eta hirugarrena, zer nolako plan ekonomikoa beharko litzatekeen hori dena gauzatzeko.

Gobernuaren arabera herritarrek dituzten beharrak asetzera jo behar dute gero eta gehiago foruzainek. Hori da, hain zuzen ere, egindako inkesta batean islatzen dena eta hori da polizia integral baten zeregina kontseilariaren ustez.

 

Barne antolaketan beste lau estrategia handi ere markatzen dira, 31 helburu nagusi eta 80 helburu operatibo biltzen dituztenak.

2020ra bitarte hiru eboluzio mota aurreikusten ditu Foruzaingoaren baitan Zuzendaritza Plan honek:

Bat izan daiteke, ko-existentzia izenekoa, defizit estrukturala gainditzeko eta belaunaldien arteko erreleboa egin ahal izateko balioko liekeena. Eredu horretarako 1215 agente aurreikusten dira eta 18,7 milioi euroko gainkostua.

Bigarren eszenatoki posible batean, osagarritasun deitutakoa, Ingurumeneko, Trafiko eta Segurtasuneko eskumenak hartzea erakarriko luke. Horretarako, 1330 agente aurreikusten dira eta 35,4 milioi euroko.

Azken egoera bat ere izanen litzateke, anbizio handikoena, eskumen guztiak hartuko lituzkete esklusiboki: Trafikoa eta Segurtasuna, Herritarren Segurtasuna eta Ingurumenekoa. 1510 eta 2000 agente beharko lirateke eta 62,3 milioi euro.

Horiek izanen lirateke, beraz, Foruzaingoaren Zuzendaritza Planak izanen lituzkeen estrategietako eta helburuetako batzuk. Gaur onartu du Gobernuak eta orain parte hartze prozesura aterako dute, Gobernu Irekia izeneko interneteko atalean izanen da hilabete batez zintzilikatua eta iradokizunak eta ekarpenak egiteko aukera dago.

Gobernuak hainbat batzar egin ditu dagoeneko planaren testua lantzeko, eta gaur goizeko saioan aurkeztu dio Gobernuari Maria Jose Beaumont Presidentziako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariak. Aurrerantzean, parte-hartze publikorako txanda abiaraziko da, Gobernu Irekiaren bitartez.

 

Horixe da Beaumont kontseilariak iragarri duena. Bestalde, Podemos-Ahal Duguren Polizia lege berrairen proiektuarekiko jarreraz esan du

espero duela zuzenketen bitartez aldaketak txertatuta gutxienez lauko alderdien babesa izatea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!