Pintxoak eta ardoa, 'Udaberria dastatzeko'

Euskalerria Irratia 2017ko api. 21a, 07:51

Argazkia: Zabalguneko udal merkatua.

Denboraldiko produktuekin egindako pintxoak eta Nafarroako jatorri-deiturako ardoak banatuko dituzte Ermitagañako eta Zabalguneko merkatuetan.

Ermitagañako eta Zabalguneko udal-merkatuek, larunbatean, denboraldiko produktuekin egindako pintxoak eta Nafarroako jatorri-deiturako ardoak eskainiko dizkiete bezeroei, Udaberria dastatu programaren edizio berriaren barruan. Ospe handiko bi sukaldarik prestatuko dituzte pintxoak, eta horretarako, besteak beste, denboraldiko barazkiak erabiliko dituzte, merkatuetan eros daitezkeen kalitatezko produktu freskoen adibide gisa. Dastatzea 12:00etan hasiko da eta pintxoak agortu arte luzatuko da, baina 14:00ak arte gehienez ere, ordu horretan ixten baitute merkatuek. Pintxo- eta ardo-dastatzearen prezioa euro batekoa da.

2017ko XIX. Pintxoaren Asteko irabazleak prestatuko du Zabalguneko merkatuko pintxo-dastatzea. Baserriberri jatetxeko Iñaki Andradas sukaldariak 300 anoa prestatuko ditu, ez pintxo irabazlearenak, baizik eta tokiko produktuekin egindako beste bi sorkuntzarenak. Batetik, marrubizko gazpatxoa, noisette gurinarekin eta zainzuri beratzekin; eta bestetik, zimarroi-cevichea, abakandozko krispetekin eta kokoarekin.

Ermitagañako merkatuan, Arrotxapeko Zokoa tabernako Juan Benedicto sukaldariak bi proposamenen 150 anoa prestatuko ditu, zeliakoendako egokiak, gainera. Lehenengo pintxoa Ajoarriero-ezteia izango da: ajoarrierozko kazolatxoa, arrautza tontoarekin eta arrautza harituarekin. Bigarrena Majara deitzen da: barazki sorta bat, borraja kurruskariarekin eta zitrikozko kotoiarekin.

Ohi bezala, Iruñeko Udalak eta Ermitagañako eta Zabalguneko udal-merkatuek pintxoen eta ardoen dastatzearekin bildutako dirua gizarte-xede batera bideratuko dira. Oraingo honetan 500 euro biltzea aurreikusten da (450 euro euro batean saldutako anoengatik, eta kopuru hori borobiltzeko gainontzekoa merkatuek jarriko dute), eta Nafarroako Autismoaren Elkarteari helaraziko zaizkio. Dirua entregatzeko ekitaldia 13:00etan izango da, Ermitagañako merkatuan, eta elkarteko presidente Amaya Árizi eta batzarreko kide Idoia Noáini emango zaie.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!