Tartaria XIII: Guk ergatiboa dugu… zuek zergatik ez?

Euskalerria Irratia 2017ko mar. 21a, 20:03

Sabin Mantzisidor Aranagoiti, azpi-euskaltzain urgazleren lan ezaguna ekarri digute Tartariarrek umore saio honetan. Egile honen Datrinkagun egitasmoaren berri ere eman digute. 

“ Guk ergatiboa dugu… zuek zergatik ez?” Espainiako Errege Akademiari eskainia, izan da solasaldiaren abiapuntua.  Bertan NORK kasuaren gorazarrea egiteaz gain hizkuntza erromantzeek ergatiboaren behar bizia dutela aldarrikatzen du Manzisidorrek.  RAEren erantzuna azkar islatu da hedabideetan: “Nosotrosek no precisemos el ergatibo” manifestuarekin. Bertan gaztelaniaren hiztunek aditz irregularrekin nahikoa dutela adierazi zuen Madrilgo Akademiak.

Baina zalantzarik gabe, Euskalerria Irratira ekarri zuen proiektua da guztietan ospe gehien eskuratu duena: Datrinkagun egitasmoa.

Honetaz gain alpiste bitxiak bildu dituzte Julen Fagoaga eta Martxelo Sotes Tartariarrek:

Kale istiluak Iruñean. Aspaldiko partez, eta urtetan ez bezalako kale-istiluak izan ziren hiri buruzagian. Bada Kale istilu hauen inguruko bulego-istiluek pil-pilean jarraitzen dute.

Afera baita ATA (Amnistia Ta Askatasuna) elkarteko zenbait kide atxilotu zituela espainiar poliziak liskarrak eta gero. Orotariko adierazpen eta gaitzespenak suertatu dira erakunde eta alderdietan. Bereziki nabarmentzekoa da ATArena berarena, Iruñeko Udala eta bereziki Joseba Asiron alkatearen jarrera kritikatu eta gaitzesten duena.

Kritika eta gaitzespen jaialdi honetan UPN eta PP alderdiena izan da komentatuena. UPN, PP eta ATA izan baitira Asiron alkatea gogorren gaitzetsi dutenak.

ATAk argitara eman duen komunikatuan ageri denez, Asiron alkatea frankista deitu dute. UPNk gogor kritikatu du ATAk Francoren izena eta Asiron elkartzeagatik.

ATA eta UPN bat etortzeak, arrazoi desberdinengatik bada ere, UPNren egoitzan eskizofrenia episodioak piztu ditu.

PPko Ana Beltranek ordea, interesa adierazi du ATAkoekin batera prentsaurrekoa emateko.

Bestalde, Berrikuntzak izan dira  Euskaltzaindian. Euskararen Errege Akademiak hiztegi aberasteari agian ez, baina zabaltze prozesuari ekin dio: Honenbestez, egunerokotasunaren indarrez hainbat moduzko aditzondo berri onartuko ditu Euskara batuaren hiztegian: haien artean, enplan, deputamadre, sinmás edo honen baliokide sinmasmentean edo enplán sinmás.

 

Aditzondoekin batera, gazte jendeak sarri darabilen, agian behar baino gehiago, izenondo sorta onartu berri dute Arantzazun egin azken bilkuran: mitiko,tipo, eta honekin batera, arrakasta handia izaten ari den formula: izenondoa + ez, hurrengoa. Esate baterako: “Tartaria saioa kakaputza ez, hurrengoa da”.

 

Gazte jendeari azken imintzioa egin nahi izan diote euskaltzainek aditz berria onartuz: flipatu. Bai bere tankera perifrastikoan, nik flipatzen dut, hik flipatzen dun/duk, hark flipatzen du...eta abar. Bai eta trinkoan ere: daflipat, daflipan, daflipak, daflipa… eta bere pluraleko formatan: daflipatzat, daflipatzan, daflipatzak, daflipatza…

 

Bukatzeko, azken ebazpen honen ondotik Sagrario Alemanek, Patxi Salaberrik eta Joan Mari Torrealdaik “Guk bai, daflipagu” manifestua eman dute argitara, bertan euren dimisioaren berri eman dutelarik. Ondotik ESPERANTO hizkuntzaren ikastegian eman dute izena.

Erlazionatuak

Tartaria 13

Euskalerria Irratia 2017 mar 15 Iruñerria

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!