Irakurri, gozatu eta oparitu egitasmoarekin bat egin dute Iruñeko Udalak eta liburutegi publikoek

Euskalerria Irratia 2017ko ots. 27a, 20:35
Arg: http://newsreporters.org/book-reading-a-better-way-for-living/1069

Euskarazko liburu bat maileguan hartzea eta irakurtzea sarituko da, euskarazko beste liburu bat erosteko % 35eko deskontu-txeke bat emanez.

Irakurri, gozatu eta oparitu Euskaltzaleen Topaguneak berrogei herritan abiarazi duen kanpaina bat da, euskarazko liburuak irakurtzea sustatzeko. Aurten, Iruñeko Udalak, liburutegi publikoek eta liburu-denda batzuek bat egin dute egitasmo honekin. Liburutegietan euskarazko liburu bat maileguan hartzea eta irakurtzea sarituko da, egitasmoarekin bat egin duten Iruñeko liburu-dendetan euskarazko liburu bat erosteko % 35eko deskontu-txeke batekin saritu, alegia.

Egitasmoak martxoaren 20tik maiatzaren 31ra arte iraungo du, baina deskontu-txekeak ekainaren 10era arte erabili ahal izanen dira. Egitasmoaren funtzionamendua erraza da. Interesdunek liburutegietako mailegu-zerbitzua erabili eta euskarazko liburu bat hartuko dute, lasai-lasai irakurtzeko. Behin irakurrita, liburutegira itzuliko dute, eta bertan fitxa bat beteko dute, irakurritako liburuari buruzko lau galdera orokorri erantzunda Fitxa bete ondoren,erosketa-txeke bat emango zaie, liburu-denda batean euskarazko liburu bat %35 merkeago eros dezaten. Egitasmoak erositako liburua gertuko norbaiti oparitzea proposatzen du.

Eskola-liburuak, hiztegiak, gramatikak, entziklopediak eta abar erostea egitasmotik kanpo geratzen da. Pertsona bakoitzeko txeke kopurua ere mugatuta dago: lau txeke pertsona bakoitzeko, bi apirilean eta bi maiatzean. Hilabete bakoitzean, gainera, zozketa bana egingo da, non egitasmo honen erabiltzaileen artean 30 euroko bost txeke zozketatuko diren, euskarazko liburuak eros ditzaten. Hiriko liburu-denda guztiei parte hartzeko aukera eskaini zaie, eta argibide-diptiko bat argitaratuko da egitasmoarekin bat egitea erabaki duten horiek jakitera emateko, horietan txekeak erabili ahal izanen baitira.  Egitasmoaren kostua Udalarentzat 7.199,50 eurokoa da, BEZa barne.

Irakurketa, euskara eta liburutegien erabilera sustatzea

Egitasmoaren xede dira herritarren artean irakurzaletasuna bultzatzea, irakurketaren plazera aldarrikatzea eta plazer hori partekatzea ahalbidetzea, eta opari bihurtzea. Irakurketa, hortaz, banakako jarduera pertsonala izateaz gain, sozializatzeko bide ere bilakatzen da. Halaber, euskarazko literatura ikusarazi eta sustatzen da, harengana heltzeko abantailak eskaintzearen bitartez. Egitasmoak ere liburutegi publikoen erabilera sustatzen du, edozein erabiltzaileri doan eskaintzen dizkioten zerbitzuei eta aukereiak bultzada ematen die, eta hiriko liburu-dendek salmentak areagotzea ere dakar berekin. Honako liburu-denda hauek egin dute bat egitasmoarekin: Abárzuza, Elkar Comedias, Elkar Larraona, Auzolan, Katakrak, Karrikiri, Chundarata, Tartalo, Zazpi eta Colorín y Colorado.

Euskaltzaleen Topagunea irabazi-asmorik gabeko erakundea da, eta egitasmo hau berrogei herri baino gehiagotan abiaraziko du aldi berean, bertako udalekin elkarlanean. Hemen, Iruñean, Udalak eta erakunde honek elkarlanean dihardute jada Mintzakide. Hizkuntza-boluntarioak egitasmoarekin, zeinak euskarazko elkarrizketa-taldeak sortzea bultzatzen baitu. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!