"Ablazioak min ematen badigu, utz dezagun alde batera tradizioaren zati hori", halaxe dio Fatima Djara Sanik. Berak ez ditu saltzeko bere herriko, Ginea Bissauko, ohiturak. Denari eusteko prest ez dago, ordea. Ablazioa desagerrarazteko borrokan dabil, batik bat Nafarroan. Kontu handiz ari da lanean, ez du uste mutilazio genitala egiten dutenak gaizkiletzat hartu behar direnik.
14 urterekin Kubara joan zen ikastera. Herri-Lan ingeniaritzan lizentziatu ondoren, Ginea Bissaun eta Bruselan bizi eta lan egin zuen. 2005ean, alargun gelditutakoan, Bilbora etorri zen eta handik Nafarroara. Egun, emakumeen mutilazio genitalaren aurkako aktibista da. Munduko Medikuak elkarteko bitartekari dihardu, giza integraziorako goi teknikaria, Nafarroako Berdintasunerako Kontseiluko kidea eta Flor de Africa emakumeen elkarteko sortzailea da. 4 urte zituela ablazioa egin zioten eta bere esperientzia Indomable liburuan bildu zuen 2015ean. 10 urteko Asier mutikoaren ama da.
Elkarrizketa osoa Argian irakur daiteke.