"Oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoa suspertzeko" mugikortasun plana aurkeztu du Udalak

Euskalerria Irratia 2016ko ira. 29a, 13:54
Bizikletaren Eguna Iruñean (Argazkia: eitb.com).

> 30 kilometroko bidegorria eta soilik garraio publikoari zuzenduriko errailak sortuko dituzte.
> Datorren urtean hiru ardatz landuko dituzte: Berriozar-NUP, Pio XII, eta Burlata-Barañain.

Hurrenez hurren, oinezkoak, bizikletak eta garraio publikoa suspertuko dituen Azpiegitura Jasangarrien Plana aurkeztu du Iruñeko Udalak.

Hogeitamar kilometroko bidegorria eta soilik garraio publikoari zuzenduriko errailak. Horiek dira bi mila hemeretzira arte garatuko duten Azpiegitura Plan jasangarriaren oinarrizko elementuetako bi.

“Helburua da zortzi urteko neska batek eta 80 urteko erretiratu batek hiria zeharkatu ahal izatea, azkar eta arriskurik gabe”, azaldu du Ekologia eta Mugikortasun zinegotzi Armando Cuencak.

Hiriko zazpi ardatz eraldatuko dituzte, lau milioi euroko inbertsioa eginda. Zazpi ardatz horietatik heldu den urtean hiru itxuraldatuko dituzte.

Lehena, Berriozar eta unibertsitate publikoa lotuko dituen bidea. Bigarrena, Pio XII.a. Hirugarrena, Burlata eta Barañain artekoa.

Hiru ardatz horietan hainbat aldaketa eginen dituzte, bizikletei zuzenduriko bideak, billabesentzako berariazko bideak, eta errepide zati baten gaineko plataforma, esaterako.

Hiri Ekologiako Zerbitzuko arduradun Alexia Cantok argi du zeini eginen dioten mesede neurri horiek: “Mesede egin nahi diegu oinezkoei, bizikletei eta garraio publikoari, hiri eredu iraunkorra lortzeko”.

Zazpi ardatz horiek bi oinarriren bueltan egituratzen dira. Bidegorriei dagokienez, babestutako bideak izanen dira, autoen errailetik apartatutakoak, berrogei zentimetroko tartearekin. Gainera, 30 kilometro orduko muga izanen dute ondotik pasatzen diren motor ibilgailuek.

Autobus publikoarentzako prestaturiko neurriak abiadura hobetuko du, bideek azkarrago joateko aukera emanen baitiete.

Oinezkoen kasuan, zebrabideen ikusteko oztopo gutxiago izanen dituzte, eta gutxiago egon beharko dute zain.

Horiek, beraz, Azpiegitura Iraunkorraren Planak barnebildutako neurriak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!