Ruper Ordorikak kontzertu akustikoa eskainiko du larunbatean Iturrama civivox aretoan

Euskalerria Irratia 2016ko mar. 17a, 20:37
Ruper Ordorika. Argazkia: Monika del Valee/ Argazki Press, Argian argitaratua.

Euskal artistak bakarka emanen ditu garai desberdinetako kantuak. 

Hainbat garaitako abestiak dira, guztiak ere diren bezalakoak bere ederrean emanak. Ordorikak bestelako proposamena dakarkigu oraingoan, aski eta sobra erakutsi baitu gauza dela mugaz gaindi ibiltzeko, bai bere ohiko taldearekin, bai bakarka. Ruper Ordorikak bere ahotsa dauka, ederki zaintzen ditu testuak, eta paregabea du ikuspegi musikala. Gure kantaria gai da tradizioa molde garaikide arriskutsuenei uztatzeko, eta ospe ukaezina du euskal musikan; hortxe daude, konparaziora, hark sortutako kantuak, arras konposizio iradokitzaileak, besteak beste Joseba Sarrionaindia eta Bernardo Atxaga idazleen testuetan oinarrituta. Txikitatik musikazalea, hamabi urtetan Gasteiza joan zen bizitzera. Gitarra eskuetan, rock anglosaxoiarekiko grina lantzearekin batera euskarazko kantuak idazten hasi, eta euskarazko herri kantuan pausatu zuen begirada. Ruper Ordorika ezaguna zen jada Bilboko Unibertsitateko kultur giroan, 1980an disko hausle bat plazaratu zuenean, bere lehen diskoa, alegia: Hautsi da Anphora.

Aspaldixkoan zebilen Pott Banda zeritzonean sartua, norekin eta egun euskal literaturan izen handia duen idazle andanarekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia, J.M. Iturralde... Orduz geroztik, Ruperrek hamabost disko baino gehiago grabatu ditu, horietako zenbait New Yorken eta Londresen, eta ehunka kontzertu eman ditu, hala gure agertokietan nola atzerrian. New Yorken egonaldi luzeak egin ondoren, hurrengo diskoen oinarriak finkatu zituen, guztiak ere sonoritate bereziz jantzita eta New Yorkeko eszenako musikariekin grabatuta.

Ruperren kantu batzuk egilearengandik berarengandik harata joan dira, eta egun, euskarazko herri kantutegian sarturiko aleak dira: Ez da posible, Martin Larralde, Zaindu Maite duzun hori... Ordorikaren ibilbide emankorrean, Hiru Truku hirukote ezaguna aipatu beharra dago bereziki. Kantari eta gitarra jotzaile aritu zen Hiru Trukun, eta guztira, hiru disko plazaratu zituzten, herri kantuak bestela emateko; euskal abesti narratiboak, hain zuzen ere.

Lehen bi diskoek bizkaierazko munduan pausatu zuten begirada, eta hirugarrenak, berriz, Nafarroako kantu tradizionaletan. Urteak joan, urteek etorri, era bateko zein besteko jatorria nahiz estiloa duten musikari ospetsuak izan ditu bidelagun. Mikel Laboa, Martin Carthy, Ben Monder, Kenny Wollesen, Leo Abrahams, Fernando Saunders, Quimi Portet, Joseba Tapia, Angel Celada, Bixente Martínez, Nando eta Alberto De la Casa, besteak beste. Ahaztu gabe, jakina, gaur egungo Mugalaris taldekoak: Hasier Oleaga, Arkaitz Miner eta Lutxo Neira.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!