Hiru urtean %140 handitu da Iruñean txirotasuna pairatzen duten haurren kopurua

Euskalerria Irratia 2015ko mai. 5a, 11:27

Hiriburuko haurren egoeraren inguruko txostena egin dute Udalak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

Iruñean, haurren artean txirotasuna handiagoa da, herritar guztien artean baino. Txirotasun trinkoaren kasuan, %42. Gizarte-bazterketa larriaren kasuan, %51. Hala azaldu dute Iruñeko Udaleko Gizarte Ongizate zinegotzi Ana Lezkanok eta NUPeko Gizarteratze eta Berdintasun Katedrako zuzendari Miguel Laparrak.

Txostenak dio krisiaren ondorioz haurrak dituzten etxeetan areagotu egin da laguntza sozialaren beharra, eta hein berean handitu da Familia eta Haurren Arretarako Programak jaso dituen laguntza eskaerak. 2010ean 106 izan ziren. 2013an, aldiz, 255. Hau da, hazkundea %140koa izan da hiru urtean. Nolanahi ere, Poliziaren datuen arabera, horrek ez du eragin lege-hausteen handitzea.

Txostenaren arabera, “Iruñean haurrak gutxi dira eta ezberdintasun handiak daude haien artean”. Horregatik, “hiriaren etorkizunera begira ezinbestekoa da haurtzaroari behar bezalako arreta eskaintzea”.

Iruñeko haurren %15,7 edo atzerrian jaio dira edo nazionalitate atzerritarra dute. Horretaz gain, ijito etniako hainbat haur daude. Hori horrela, dibertsitate etnikoa oso handia da, eta hori ezinbestean hartu behar da aintzat haurrak artatzeko tenorean.

Bestalde, generoaren ikuspegitik “oso jokaera kezkagarriak” atzeman dituzte. Batez ere nerabezaroan, gaindituta ziruditen genero rolak oso markatuta daudela ikusi dute.  

Udalak eta NUPek Iruñeko haurren inguruko txostena egin dute, egungo egoera ekonomiko eta sozialean pairatzen duten egoeraren diagnostikoa egiteko, eta horren gainean bitartekoen eraginkortasuna handituko duten esku-hartze sozial sozial ereduak diseinatu ahal izateko.

Bigarren fase batean, Haurren Arretarako Plana osatuko dute. Lazkanoren arabera, prozesu hori modu parte-hartzailean gauzatzen ari da, zuzendaritzaren eta alorreko hainbat erakunderekin eta profesionalekin elkarlanean.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!