Bizikletaren erabilera kontrolatzeko kanpaina poliziala

Euskalerria Irratia 2015ko api. 27a, 08:45

Gaur hasi eta maiatzaren hirura arte Foruzaingoak, Guardia Zibilak eta udaltzaingoak bizikletaren erabilerari buruzko kanpaina jarriko dute martxan. Bizikletek izaten dituzten istripuak ekidin eta ezbehar horien ondorioak ahalik eta txikienak izateko eginen dute.

Errepideko segurtasun-arauen 2015eko Nafarroako estrategiaren barruan eginen dute bizikleten erabilerari buruzko kontrola. Hiriarteko errepideetan eta hirian barna eginen dute kanpaina. Foruzaingoa, Guardia Zibila eta udaltzaingoa ariko dira elkarlanean. Izan ere, istripu bat gertatzen denean bizikletan doan herritarrak jaso ohi du kalterik handiena. Hori horrela, bizikletaren gainean arretaz eta arduraz gidatzeko gomendioa eginen diete poliziek.

Bizikletaren egoeraren garrantziaz ere ohartaraziko diete erabiltzaileei. Gurpilak, balazta, argiztapena eta direkzioan jarriko dute bereziki arreta. Derrigorrezkoak direnak ere gogoraraziko dituzte: 16 urtetik beherakoek kaskoa eraman behar dute eta gainerako guztiek hiriarteko bideetan ibiliz gero ere bai. Gehienez 45 kilometro orduko abiadura har daiteke bizikletaren gainean,bestela azkarrago joanez gero isuna jasotzeko arriskua izan dezakete. Telefono mugikorra ezin dela erabili ere jakinaraziko diete ez eta entzungailurik ere. 500 euroko isuna jarri diezaiokete alkohola edanda edo bestelako droga hartuta bizikletaren gainean doanari.

Apirileko kanpaina

Foruzaingoa eta Tuterako udaltzaingoa izan ziren apirilaren 13tik 19ra bitarte kanpaina egiten bizikleten egoera zein zen jakiteko asmoz. Horrez gain, 30.281 auto ere kontrolatu zituzten eta 1.569 gidariri isuna jarri.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!