Begirada bortitza

Euskalerria Irratia 2012ko api. 17a, 09:52

Iruindar bat Auzitegi Nazionalean auzipetu dute, Barcina gaizki begiratzeagatik

Yolanda Barcina foru presidentea gaizki begiratzeagatik, Espainiako Auzitegi Nazionalean auzipetu dute MHA, 42 urteko gizon iruindarra. Autoritatearen aurkako atentatua egozten diote, eta sei urteko espetxe zigorra jaso dezake. Gertakariak iragan azarokoaren 17koak dira. Barcina eta MHA okindegi batean topo egin zuten. Ez zioten elkarri hitzik esan. Baina Auzipetuak Abiadura Handiko Trenaren aurkako elastikoa zeraman. Eta, Barcinak berak epailearen aurrean adierazi zuenez, “denok aski ongi dakigu halako kamisetak darabiltzatenek zer pentsatzen duten, aski ongi dakigu presidentearen aurkako erasoen alde daudela”. Betiere foru presidentearen kontakizunaren arabera, MHAk begirada “erasokorra eta bortitza” bota zion. “Eta hori gutxi bailitzan, bekain bat altxatu zuen, eragin begiradaren izaera erasokor eta bortitza azpimarratzeko”, gaineratu du. “Aintzat hartu behar da begi beltzak zituela, eta begi beltzak dituztenek begirada bereziki gogorrak dauzkate. Min handia egin zidan”, gaineratu du. Auzipetzea ebatzi duen epailearen arabera, “esaera zaharrak dio irudi batek mila hitzek baino indar handiagoa daukatela, eta kasu honetan argi dago auzipetuaren begirada presidentearen aurkako mila irain bezain onartezina izan zela”. Epailearen irudikoz, “hori jada delitua da, autoritateari men ez egitea baita, hau da, desakatua; baina bekaina altxatu izana indarraren erabilpen argia denez, delitu are larriago baten aurrean gaude: autoritatearen aurkako atentatu baten aurrean, hain zuzen ere”. Gogoratuko enez, iragan astelehenean jite bereko erabakia hatu zuten Espainiako Auzitegi Nazionalean, Barcinari hiru tarta bota zizkioten hiru lagun auzipetuz.

Altus markakoa ez den motxila batek kaosa eragin du Iruñeko institutu batean

Goiz arrunt eta lasai bat zirudiena infernu bilakatu zen iragan ostiralean, Iruñeko Buztintxuri institutuan. Ikasleak normaltasun osoz ari ziren sartzen ikastetxean. Haien artean, AGT Batxilergoko bigarren mailako ikaslea, 17 urteko neska. Goiza ohi baino beroagoa zen, eta AGTk berokia erantzita zeraman, tolestuta, bizkarrean, motxilaren gainean. Halako batean, baina, berokia eskuan hartu eta motxila agerian utzi zuen. Bere lagunak berehala jabetu ziren larruzko motxila zela, ez zela mendikoa, ez zela Altus markakoa. Aurrekaririk gabeko gertakaria zen: D ereduko institutu bateko ikasle bat Altus markakoa ez den motxila batekin! (Euskal) unibertsoaren oinarrizko arauak hautsita, izua eta kaosa berehalakoan gailendu ziren. Lagunak txilioka. Ikasle guztiak halako aberrazioarengandik ihes egin nahian. Kolpeak. Erorikoak. Jende pilaketak. Zapalketak. Zazpi gazte ospitaleratu zituzten, hezur hausturen poderioz. “Institutura Everestera igotzeko moduko mendiko botak eramaten dituzte, oso zola gogorrekoak. Zapaltzen bazaituzte, 600 kiloko Miura bat baino arriskutsuagoak dira”, azaldu du Nafarroako Ospitaleko Larrialdietako buru, Fermin Huartek. Beste hiru gazte antsietate krisiak jota eraman zituzten ospitalera. Ikaskideek oraindik ezin dute AGTk egindakoa ulertu. “Oso normala ematen zuen. Ternua markako forro polarrak eta North Face markako prakak eramaten zituen. Ezin genuen imajinatu halako izugarrikeria eginen zuenik”, adierazi du bere gelakide batek.

Donostiako bikote bat bere zaborra jaten hasi da

Donostiako Egia auzoko bikote batek hainbat eztabaida izan ditu zaborra atez ate biltzeko sistemaren kontura. Emaztea Bildukoa da, eta, hartara, atez atekoaren zeharo alde dago. Senarra, aldiz, EAJkoa da, eta, beraz, guztiz kontra dago. Hogei urte daramatzate elkarrekin, eta betidanik politikaren kontura eztabaidak eduki izan dituzte, baina sekula ez atez atekoak eragindakoak bezain luzeak eta mikatzak. “Gai honek dena kakazten du”, azaldu du emazteak. Aste Santuko oporretan, Landetan, 46 ordu eman zituzten eztabaida etengabean, beren bungalowtik atera gabe, Xabier Mikel Errekondoren artikulua gora, Markel Olanoren artikulua behera. Orduan jabetu ziren zaborren gaian akordio batera ez baziren iristen, bikote harremana bertan behera utzi beharko zutela. “Harremana usteltzen ari zen”, esan du senarrak. Bata ez zegoen edukiontzi sistema onartzeko prest. Besteak ez zuen atez atekoa inolaz ere onartu nahi. Azkenean akordio original batera iritsi ziren: zaborra jatea, deus ere ez botatzea. Zenbait gauzarekin erraza izan da: “Galletek kartoizko kutxarekin jatea oso erraza da, baldin eta dena esnetan bustitzen baduzu“, kontatu du emazteak. Beste gauza batzuekin, aldiz, arazo gehiago izan dituzte: “Hasieran jogurta plastikoarekin jatea oso gogorra egiten zitzaigun. Baina gerora jabetu gara idorreriaren aurka oso erremedio ona dela, telebistan iragartzen duten bifidus hori baino askoz hobea”, gaineratu du senarrak. Biok pozik dira harturiko erabakiarekin: “Nahiago gure zaborra jan haien eztabaida irentsi baino”.

(Patxi Huarte Zaldi Eroak eta Juan Kruz Lakastak apirilaren 15ean Berria egunkarian argitaratua)

 

 

 

 

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!