Elixabete Garmendia: Lilatoia

Euskalerria Irratia 2012ko mar. 6a, 14:37

Lilatoiko argazkia dugu gaur abiapuntu. 2.167 emakumek parte hartu omen dute aurten, kopururari dagokionez aurreko urteetako markak hautsiz. Hogeita hirugarren edizioa izan du, eta erremediorik gabe bi hamarkada atzera doakio bati oroimena. Feminista batzuek asmatu zuten karrera bat emakumeek bakarrik parte hartuko zutena. Garaiko giro aurrerakoi samarretan ere zalantzak eta erreparoak sortu zituen plantemendu horrek. Nola emakumeak bakarrik? Eta gu zergatik ez? galdetzen zuen inguruko gizonezko bat baino gehiagok. Kontua da inork ez ziola aurreikusi urteen buruan izan duen bilakaera arrakastatsu hau. Emakumeen lasterketak belaunaldi berriak, odol eta izerdi freskoa bereganatzen jakin izan du.

Lilatoia martxoaren 8aren iragarlea dela, eta gaurko egunkarian badira argazki gehiago egun horri lotutakoak. Hor daude, Hirutxuloko Hitzan, Donostiako manifestaziora dei egin duten emakumeak. Haien artean adintsuak zenbaitzuk, aldarri feministak gurean urte batzuk badituela erakusten dutenak. Beste argazki batean Iruñeko deitzaileak ageri dira, eta hemen ere, mahaikoen atzean ikus daitezke martxoaren 8 asko ezagutu dituzten emakumeak.

Manifestazioez aparte, martxoaren 8a emakumeen afariak egiteko aitzakia bihurtu da, baita herririk txikienetan ere. Santa Luzia egunean jostunek egiten zituzten bazkarien ordezkoa nolabait. Zorionez. Ez dut uste afari horietan teoria feministen azken joerak hizpide izango dituztenik, baina horrelako afari batera doanak badaki zeren aitzakian biltzen den beste emakume batzuekin egun horretan.

Lilatoiko argazkian Diario Vascoren eta Coca-Colaren banderolak ageri dira. Ametsa, martxoaren 8ko ekitaldi guztiek halako esponsorrak izango dituzten eguna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!