Aspaldi irakurritako testuak birziklatzearen inguruan jarraitu nahi dut. Izan ere, irakurraldi batetik bestera, aldatu egiten dira testuei ematen dizkiegun esanahiak momentuan ditugun ezagutza, kezka eta interesen arabera.
Eta adibide gisa, Madame Bovary berrirakurri nuenekoa kontatu nahi nuke. Garai hartan, idazlan bat egiten ari nintzen emakumeen maskulinitatearen inguruan, emakume iletsuen inguruan: Nola den emakumearen gorputza gizarteak zehatz-mehatz mugatutako mapa eta nola dagoen zentimetro gutxiko aldea ile onargarritik ile onartezinera; edota nola izan diren emakume iletsuak, emakume bizardunak, hainbeste urtean zirkoan erakusteko moduko aberrazioak.
Horrelako kontuak ari nintzen lantzen Madame Bovary berrirakurri nuenean. Dakizuenez, literaturako emakume adulterorik ezagunenetakoa da Emma Bovary. Honela deskribatzen du Flaubertek, nobelako bigarren parteko hamabigarren atalean, maitalea duela jada (itzulpena nirea da):
Sekula ez zen egon madame Bovary garai hartan bezain eder; pozak, gogo beroak, garaipenak ematen duen edertasun zehaztezin hori zeukan; izaeraren eta egoeraren arteko armonia hori. Bere apetek, atsekabeek, plazerak eta ilusio gazteek loratu egin zuten, nola loratzen diren loreak ongarri, euri, haize eta eguzkiarekin. Bere izate osoan harrotua zegoen azkenik. Bere betazalek propio eginak ziruditen begirada amoros luze haientzat. Arnas sakonak sudur-hegal meheak zabaldu, eta jaso egiten zion ezpain ertz haragitsua, argitan ile/bilo beltz pixka batek ilundua.
Kateatu egin ninduen pasarte honek Madame Bovary berrirakurtzen ari nintzela. Izan ere, lehen aldian ez bezala ulertu nuen Emma, adulteroa izateaz gain, emakume biboteduna ere bazela. Mapatik kanpo, galdutako beste emakume bat, inondik inora.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!