Elixabete Garmendia: Banaiz Bagara

Euskalerria Irratia 2012ko urt. 24a, 13:21

Hiru argazkitako sekuentzia da hau. Lehenengoa konbentzionala, prentsaurreko batekoa. Hiru emakumezko eta bi gizonezko mahaian eserita, mikrofonak aurrean, eta erdi erdikoari jarriko diogu izena: Petra Elser da, alemaniar euskalduna.

Agian alemaniarra den aldetik ez die beldurrik izen luzeei, eta horrela BANAIZBAGARA elkartea lideratzen du, etorkinei euskara irakatsi eta euskal munduan sartzen laguntzeko sarea. Atzo egitasmo berri bat aurkeztu zuten: HIAHOKA, H-I-A-H-O-K-A, hi ahoka alegia, euskara kantuaren bidez lantzeko proiektua.

Bigarren argazkian kale estua bete kantari dago. Argazki oinak dio Tolosako kantujirako irudia dela. Jende heldu samarra da batez ere, kantujiretan izan ohi den bezala, eta tartean ageri dira gizon beltz kapeladuna eta hegoamerikarra izan zitekeen neska, kantuan biak ere.

Hirugarren argazkian Petra Elser eta hiru gizonezko daude; bata eskusoinua jotzen, beste bat -beltza hau ere- mikroa eskuan… atzean dagoen bafleak irudia soinuduna dela adierazten du.

BANAIZBAGARA elkarteak larunbat arratsaldeetan eta astean zeharreko iluntzeetan ematen ditu klaseak, lan ordutegietatik kanpora. Donostia inguruko zenbait herritan aritzen da: Andoainen, Hernanin, Lasarten, Urnietan, Villabonan… Azkoitiraino ere iritsi dira eta laster Beasain eta Tolosara zabalduko omen dira.

Klase bakoitza nazioarteko ordezkaritza baten modukoa da: marokoarra, aljeriarra, senegaldarra, brasileiroa, pakistandarra, mexikarra… eta guztiak doinu alemaniarra galdu ez duen irakaslearen esanetara. Gramatikatik urrun, fitxa bidezko metodo propio baten bidez erakusten die Elserrek beren burua aurkezten, non bizi diren eta zertan lan egiten duten kontatzen. Orain kantua gehitu dio bere metodoari Elserrek, elkarrekin kantuan aritzeak duen karga soziala kontuan hartuz.

Bide batez esango dizuet Petra Elser gai dela “Lili Marleen” sentitu bat kantatzeko bertso festa baten erdian.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!