Togak entrega ditzatela

Euskalerria Irratia 2011ko aza. 7a, 10:40

Inpartzialtasun objektiboaz

Angela Murillo epailea kirten hutsa da... Ups, gure artean ari ginela uste genuen, baina oraintxe jabetu gara Serio Demoniorako tekleatzen ari ginela. Errua ez da gurea, baizik eta martxan zegoen teklatu madarikatu honena. Tira, gu subjektiboki inpartzialak izaten segitzen dugu, baina nahi gabe tekleatu duguna tekleatu eta gero gure inpartzialtasun objektiboa kolokan izan daiteke. Beraz, ez dugu deus gehiago idatziko epaile honetaz. Besteren batek idatz dezala. Nolanahi ere, euskal herritar gehienek uste dutena besterik ez dugu adierazi, euskal herritar gehienek epaile honengandik espero duten adierazpen bakarra baita toga entregatuko duela eta Auzitegi Nazionala deseginen duela iragarriko duena. Murilloren azken ateraldiaren ondorio tamalgarrietako bat, Mujikaren alargunak berriro deklaratu beharko duela, eta hartara berriro oroitu beharko dituela bere senarraren hilketako une latzak.

Hauteskunde kanpaina 'anormala'

Hasi da ETArik gabeko lehen hauteskunde kanpaina. Hauteskunde kanpaina anormala izanen da, beraz, orain arte normala zer izan den aintzat hartuz. Zorionez, ETAk mehatxaturiko hautagairik ez. Zoritxarrez, oraindik badira, baina, legez kanporaturiko alderdiak eta espetxeraturiko balizko hautagaiak. Madrilen, ETAk jarduera armatua behin betiko utziko duela iragarri duelarik gobernuan den alderdia, PSOE, ez da ausartzen mugimendurik ñimiñoena egitera, preso bakar bat mugitzeak botoak kenduko dizkiolakoan, PPren boto poltsa gizenduko duelakoan. Euskal Herrian, itxura eta inkesta guztien arabera, ETAren jarduera armatuaren amaierak oso emaitza onak ekarriko dizkie ezker abertzaleari eta Amaiurko bere koaliziokideei. Adi, galdera: hori guztiori horrela, aurreko hauteskunde kanpainetan, politikoki, nori egiten zion mesede eta nori kalte, Madrilen zein Euskal Herrian, ETAren jarduera armatuak?

'Zaharrunoen' aurka

ETAren agurraren ondotik, profesionalki galduta segitzen dugu. The Organization-en harira txisteak eginez nabarmendu ginen, eta orain tabu apurtzaile ospe horri eusteko arazoak ditugu, nabarmentzeko bestelako bideak bilatzera beharturik gaude. Kirmen Uriberi egurra ematea aukera bat zen, baina bide hori jada jendetzak ibili du. Originalagoak izate aldera, joan den astean Atxaga larrutuz ahalegindu ginen hautsak harrotzen; baina ez zuen funtzionatu. gure ahalegin probokatzaileak ez du deus probokatu. Gauzak horrela, beste nabarmentze eredu bati erreparatu diogu: aita hiltzea, aurreko belaunaldiak egurtuz, azkenmohikainismoa salatuz. Beraz, horixe eginen dugu, gogor eginen dugu aspaldidanik eskemak, gogoetak, txisteak, joskerak, irudiak errepikatzen dituen zaharrunoren baten aurka. Ea norbait bururatzen zaigun. Kontxo, gu geu... oh, wait!

Abortuaren alde eta kontra

Apple enpresako sortzaile Steve Jobs adopzioan eman zuen bere ama gazteak, erditu eta berehala. Datu hori abortuaren aurka egiteko aprobetxatu du Nafarroako presidente Yolanda Barcinak. Beno, abortuaren aurka eta bere buruaren alde. Azkenaldian, putzu guztietan plisti-plasta aritzen da, Nafarroako Kutxako dieta bikoitzen lokatza ahaztu arazi nahian. Barcinaren adierazi duenez, haren amak abortatu izan balu Jobsek informatikaren mundura egindako ekarpena galduko genuen. Barcinak kontatu ez duena, Jobsek aspaldi 20 urteko neska bat haurdun utzi zuela, abortatzea gomendatu ziola, eta azkenean neskak abortatzea erabaki zuela. Beraz, Jobs horren eredugarria bada, abortatzeko eskubidea onartu beharko. Bestalde, balizkoetan murgiltzen den Barcinaren argudio-bideari jarraituko bagenio, gainera genezake fetu hura pertsona izatera iritsi izan balitz III Munduko Gerra eraginen zuen diktadore odoltsua izatera iritsiko zela, mundua abortuari esker III Munduko Gerraz libratu dela.

Ezkontzaren amaiera

Slavoj Zizek filosofoak erkaketa argigarriak sortzeko duen erraztasuna miresten dugu. Duela gutxi, Al Jazeera telebistak egin zion elkarrizketan, beste bat bota zuen: “Kapitalismoaren eta demokraziaren arteko ezkontza amaitzen ari da”. Ona, baina berehalakoan zaharkitu dena, aste honetan Greziarekin gertaturikoaren kontura. Erreferenduma bezalako formula guztiz demokratikoa aipatu, eta kapitalismoaren borreroak, merkatuak, sumindu egin dira. Eta Greziako agintariek era guztietako mehatxuak pairatu dituzte, atzera egin duten arte, erreferenduma bertan behera utzi duten arte. Beraz, Zizeken figura gaurkotuz, esan dezakegu demokrazia eta kapitalismoa dibortziatu egin direla, eta kapitalismoak tratu txar psikologiko zein fisikoak darabiltzala demokraziaren aurka.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!