Elixabete Garmendia
Bide bat juxtu juxtuan asfaltatua han barrenean galtzen dela arbola artean, eta bidearen alde banatan harrizko zutabeak ilaran, denak berdinak; aldatzen dena idatzia da, mezua. Argazki txikiagoetan ageri dira horietako bi; batek dio: Euskadiko 800 militante politiko, eta besteak Errepublika Espainiarreko 6.555 euskal soldadu. Frantzesez daude mezuak. Gurseko kontzentrazio esparruan jarri dituzte hogeita zazpi zutabeak, 1939tik 45era bitartean handik pasa ziren hirurogei milatik gora gizon, emakume eta haurren omenez.
Biarnon dago Gurs, Zuberoari ezarrita, Ospitalepiatik bertan. Kontzentrazio esparrua izan zenaren aztarna askorik ez dago, internatuak pilatzen zituzten barrakoi baten hezurdura ez bada. Gursen geratzen dena hilerria da, edo hilerriak, pluralean. Handiena, judutarrena, hilarri berdin berdinez osatua. Beste txoko batean, gainerako hilobiak, Brigadista Internazionalenak eta Errepublikaren aldekoenak. Hauen artean dago Gursen zendu zen lehen gizonarena: Jesus Etxarri, amezketarra jaiotzaz, Lasarten Michelingo langilea gerra hasi zen arte, Erriberako emakume nafar batekin ezkondua. Haren seme eta bilobek ez zekiten kontu garbirik bere paraderoaz: Frantziako kontzentrazio esparruren batean hil zela bai, baina ez zekiten hain hurbil zegoenik, Euskal Herritik bertan.
Gurs ahanzturatik ateratzeko ahaleginik handiena Claude Laharie Paueko irakasleak egin zuen kontzentrazio esparruari buruzko ikerketa eta liburuarekin. Geroztik Josu Chuecak osatu du hori, handik pasa ziren euskaldunen historiarekin. Orain jarri dituzten zutabe horiek eremuaren mututasunari koska bat jango zioten.
Pirineoak ikusten dira Gursetik, eta entzun, kanta hauxe entzun daiteke, “Plaisir d´amour, chagrin d´amour” –maitasunaren plazerra eta nahigabea- Lahariek kontatzen duenez hango presoek ahotan erabiltzen zuten abestietako bat.