'Pen drive'-rik gabe, bakerik ez

Euskalerria Irratia 2011ko urr. 25a, 08:20

Berandu baina garaiz

Irratian entzun dugu Euskal Herrian jada ez dagoela beldurrik, eta horrek aski ausardia eman digu publikoki adierazteko BERRIAren igandeko azala ez zitzaigula gustatu. “ETAk armak utzi ditu” goiburuaren gainean, erakunde orain arte armatuak BERRIAri igorritako pen drive-aren argazkia. Ez zen ulertzen pen drive hura ETAk utzitako armetako bat zen, laser hilgarria edo halako zerbait, edo zer demontre. Irudiaren eta testuaren arteko lotura falta zen. Titularrak bestelakoa behar zuen. Aukera asko bururatzen zaizkigu: “Pistolak utzi eta pen drive-ak hartu ditu ETAk”, “USB garai berria zabaldu da Euskal Herrian” edo “Pen drive-rik gabe bakerik ez”... Bazen beste aukera bat, irudia egokitzea pen drive hura norena zen hobeki uler zedin. Pen drive-ari txapel beltz eta kaputxa txuri txikiak jar ziezazkioketen. Edo suge bat marraz zezaketen pen drive-an kiribildurik. Edo, tira, beharbada, agian, apika, azalaz -pen drive-az- ez ezik mamiz -agiriak dioenaz- ere aritu beharko dugu. ETAren arabera, urteetako bere borrokak sortu du egungo aukera, egoera, baldintzak. Erabat ados. Egun pairatzen ditugun aukeretan, egoeran, baldintzetan, zerikusi zuzena eduki du ETAren urteetako borrokak. Duela bost, hamar, hamabost urte guztiz bestelakoak ziren. Edonola ere, Imanol Muruak dioen bezala, erabakia berandu baino garaiz iritsi da. Eta gu, pozik.

Bakearen trena galtzen

Patxi Lopez lehendakariak tren estatubatuar batean grabaturiko mezuak BERRIAren azalaren arazo bera zuen: irudia eta testua ez zetozen bat. Idatzi zioten adierazpena ez zen batere egokia testuinguru horretarako. Ezin da adierazpen instituzional serio bat egin tren baten barruan balantzaka. Horrelakoetan, hobe mezua testuingurura egokitzea. Hartara, askoz aproposagoa zatekeen jite honetako adierazpena: “Tunelaren amaierara iritsi gara. Estatuko segurtasun indarrak prozesu honetako lokomotora izan dira. Euskal gizarteak ez du tren hau pasatzen utzi. ETAren agiria etorkizun askerako txartela da. Kontuz ibili behar dugu bakea ez dadin deskarrilatu. Hurrengo geltokia ETAk armak entregatzea da. Bidaia ez da amaituko ETA desegin arte...”. Bestalde, ETAren agiriak trenean berak hala nahi izan zuelako harrapatu zuela sinesgarriagoa zatekeen baldin eta adierazpen tematiko sorta bat egin izan balu. Beste adierazpen bat graba zezakeen Euskal Herrira zekarren hegazkinean, pasilloan zutik, atzean komunerako ilara zuela: “ETA behingoz lurrartzen ari da. ETAren eledunek nahi dutena esan dezakete, baina kutxa-beltzean ederki grabaturik geratu da azken hamarkadetan gertatutakoa. Nazioarteko bitartekariak paraxutista hutsak dira...”. Eta beste bat Forondako aireportuko komunean: “Azkenik libratu gara. Pisu handi bat kendu dugu gainetik. Eta aitortu beharko dut Amerikako Estatu Batuetara joanez kakaztu egin nuela”.

Gorbatak itotzear

Prentsa kontuetara itzuliz, ikusita Aieteko konferentzia egin zenetik eta ETAk agiria karrikaratu zuen arte gorbaten kontura zenbat hektolitro tinta isuri zuten (analogikoa zein digitala), ostiralean egunkariak begiratzen hasi ginelarik uste genuen baten batek  titulatuko zuela “ETAko eledunek ez zeramaten gorbatarik”. Gorbaten harira zenbait pieza periodistiko gogoangarri osatu dituzte. Konparaziora, Rufi Etxeberriaren gorbataren biografia, edo hagiografia, ikusgarria: noiz, non, zergatik, norentzako erosi zuen. Pena pieza horri goiburu atxagarra jarri ez izana: “Gorbata euskaldun baten memoriak”. Deskuidatzen bagara, aurki Madrilgo prentsan, “polizia iturrietan” oinarrituriko artikuluak topatuko ditugu, diotenak Bilduren baitan zatiketa gertatzear dela. Martin Garitano gorbatadunaren jarraitzaileek Bildu (G) -hau da, Bildu gorbataduna- osatuko dutela, eta Juan Karlos Izagirre gorbatarik gabekoaren aldekoek, Bildu (GB) -hots, gorbatarik gabea-. Edo, agian, euskal herritarren joera atabikoak aintzat hartuz, gerta liteke baten batek Gorbataren Aurkako Koordinadora sortzea eta, besteren batek, Gorbataren Erabilpenaren Aldeko Plan Estrategikoa. Esan gabe doa gure idurikoz askoz garrantzi handiagoa duela mamiak azalak baino. ETBko albistegietan behin eta berriz ikusi ahal izan dugu Patxi Lopezi AEBetara eraman dituen trajeak ederki geratzen zaizkiola, baina halere Lopezek irudi ezin kaskarragoa eman du. Paul Riosek konferentzian zeraman trajea hildako senide handiago batena zirudien, baina halere Riosek irudi bikaina eman du. Arnaldo Otegiren azken egunotako argazkirik ezin izan dugu ikusi, baina halere Otegik irudi ezin hobea eman du.

(Patxi Uharte Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak 2011ko urriaren 23an Berrian argitaratua)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!