Iñaki Irisarri
Uste dut inozo samarra naizela; orain arte, beti “dieta” hitza aditu eta “argaldu” zen horren jarraian zetorkidan hitza. Bai, gutxiago jatearekin edo bederen zer jaten den zaintzearekin lotzen nuen nik “dieta” hitza, eta betiere pisu pixka bat galtzea helburu zuela uste nuen.
Orain, Nafarroako agintariei esker, loditzeko dietak ere badirela ikasi dut. Izan ere, Barcinak eta konpainiak dezente loditu dituzte beren kontu korronteak eta sakelak Nafarroako Kutxako batzorde eta kontseiluetan aritzeagatik. Baten batek bi mila eta seiehun euro sakelaratzen zituen saio bakoitzeko, non eta bizirik irauteko estu eta larri dabilen finantza-entitate batean, noiz eta krisialdi latzaren ondorioz herritar asko eta asko gorriak ikusten ari diren garaian.
Kontu zikina da, benetan; batetik, gauza bera gertatzen delako enpresa publiko askotan, eta, bestetik, eskupeko horiek ezkutuan izaten direlako, herritarrek nekez izaten baitugu haien berri. Afera argitara atera eta gero bai, orduan dieta horiek bertan behera geldituko direla aditu dugu, baina, jakina, inork ez du aipatu diru-kontuei lotutako eskandaluetan beti faltan sumatzen dugun hitz magiko hori: itzuli. Bai, inork ez du aipatu dirua itzuliko dela, kontu publikoetatik ateratako kasuetan besterik ez bada ere.
Gai mamitsua da, lehenbailehen heldu beharrekoa. Izan ere, politikari izatea negozio handia den bitartean, gizarteak jendilaje mota jakin bat izanen du gidari, horrek dakarren guztiarekin.
Tira, uste dut gaur dietan hasiko naizela eguraldi oneko azken bolada honetan irabazitako kiloak galdu eta barrena garbitze aldera; eta irrati eder honen uhinak baliatuta, nire gonbita Nafarroako agintari guzti-guztiei, gauza bera egin dezaten.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/10/irisarri-burutazioa.mp3]