Zoruan aurkitutako poema

Euskalerria Irratia 2011ko urr. 3a, 18:13

Angel Erro

Esteban Peicovich kazetari argentinarrak poema liburu bitxi bat argitaratu du,  Poemas Plagiados izenekoa. Bertan poetak aurkitutako testuak moztu eta itsasten ditu (cut-and-paste), publizitatetik, garbigailu baten instrukzioetatik, meza-liburu batetik, faktura batetik edo mekanika-eskuliburu batetik ateratako testuak. Ondoren izenburu zehatz bat jartzen die, hain ongi pentsatuta ezen testu-zati interesik eta nortasunik gabea, txepela poema bihurtzen den automatikoki.

Esaterako, 1931 urteko faktura bat hartu, Potriquin izeneko margolariak elizako margolanei egindako zaharberritze lan batzuengatik Villafranca del Bierzoko apaizari emana, 314 pezeta kobratuz, eta izenburu berriarekin (“Dohatsua”) beste zerbait esaten digu, ready-made paregabea. Irakurri, bestela, Sarrionandiaren itzulpenean.

DOHATSUA

Hamar manamenduak zuzendu eta barnizatzeagatik.

Pontzio Pilatos apaindu eta bere tunikari zinta berri bat jartzeagatik.

San Pedroren oilarrari buztan berria jarri eta gandorra artezteagatik.

Lapur Ona bere gurutzean hobeto lotzeagatik.

Gabriel Arkaingeruaren ezkerreko begia doratu eta bere lekuan egokitzegatik.

Kaifas sazerdotearen morroia txukundu eta bere masailak gorriztatzeagatik.

Zerua garbitu, bi izar gehitu, eguzkia doratu eta hilargia txukuntzeagatik.

Purgatorioko sua berbiztu eta zenbait arima berregiteagatik.

Aspaldian nabil holako bat noiz aurkituko. Nago aurrekoan –seguru ez nagoen arren– testu poemagarri bat topatu nuela, Irabia ikastetxe ondoan txakurtxoa paseatzetik nentorrela, Ezkabazabal plazako zoruan. Post-it misteriotsu bat aurkitu dut. Hiru erostekoren zerrenda bat ematen du, baina edukia benetan ulertezina egin zait. Honela dio:

"Medorrhinum

Cantharis

Lycopodium clavatum"

Poema edo dena delakoaren izenburua baino ez zait falta. Bururatu zaidan gauza bakarra Infernuko lurraldeak da. Lagun batzuekin komentatu eta Hemorroide motak edo Bestondoaren fase sekretuak iradoki dizkidate. Iradokizun gehiagorik?

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/10/angel-erro.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!