Hiztegiaren laguntzaz

Euskalerria Irratia 2011ko eka. 4a, 00:01

Elixabete Garmendia

Argazkiak ez dauka inolako misteriorik; eskuinaldean EAJkoak daude, ezkerrean Bildukoak. Barreneko paretan hari matazaren kartela, “Bildu Euskal Herria” dioena.  Misteriorik ez, ez bada atzo lankide bati bat-batean sortu zitzaion galdera: baina non dauka ba egoitza Bilduk? Aldamenetik argitu zioten EAren egoitzan bildu zirela EAJkoekin. Izan ere, bada marka Gipuzkoan nagusi den indarrak egoitza propiorik ez izatea, baina jakinekoa da Zegama-Aizkorri mendi lasterketaren parekoa egin behar izan dutela hauteskundeetako helmugara iristeko.

Bildu aditzaren lehen adiera bete dute, alegia, Euskal Hiztegiaren arabera “sakabanaturik zeudenak hurbildu edo multzotu” esan nahi duena, baturen parekoa. Orain bigarren adieraren fasean daude, hau da, “hainbat lagun zerbaitez hitz egiteko, zerbait ospatzeko… toki jakin batera joan”. Hurrengo egunetarako ere plan horixe daukate, ospatu baino gehiago, zerbaitez hitz egiteko bilerak egitea harekin eta honekin.

Segidan etorriko zaie Bildukoei hirugarren adieraren txanda, hauxe dioena: “hitzaldi edo idazki bat laburtu, funtsezkoa den ezer kendu gabe”, laburbilduren parekoa alegia. Hortik aurrera adiera bihurriagoak ditu bildu aditzak; laugarrenaren arabera zera esan nahi du: “zerbait estali, paperez, ehunen batez… inguratuz”. Bosgarren adieran berriz, bildu tolesturen parekoa da; zangoak, edo ukabila edo hegoak edo belak bildu edo tolestu daitezke. Horren ondorioz uzkurtu egin liteke bat, hots, makurtu, kikildu.

Nahikoa gaurkoz. Itxi dezagun argazkien atala, hau ez baita iragarlearen txokoa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!