Zenbat Manex eta Ane, zenbat Peru eta Izar?

Euskalerria Irratia 2011ko api. 13a, 00:01

Elixabete Garmendia

Maule eta Donibane Garaziren artean behar du ordu honetan Korrikak. Eta emango ditu aurreko egunetakoen antzeko argazkiak: Saran hiru neskatila saiatu, erdikoak lekukoa daramala; Elizondon emakume helduak, atzetik koadrila ederra dakartela.  Asteburuan Euskal Herriko mugetatik kanpora ere izan dira Korrikak; Bartzelonan Mudassar Cheemaren denda aurretik doa, bertako bezeroak aho bete hortz, ze demonio ote den segizio burrunbatsu hori. Berlinen Brandenburgoko Atetik abiatu omen ziren. Sydneyn palmondo baten inguruan ageri dira euskalakariak, argazkirako posean, ikurrinak eta pankartak taldearen ezaugarri.

Zenbat lan ordu daude irudi horien atzean? Zenbat joan-etorri, zenbat koordinazio eta antolaketa bilera, zenbat hitz eta ekitaldi? Nola neurtu hor inbertitutako energia? Eta ilusioa? Bost urte eta erdiko Manex aste honetan ikastolan Korrika Txikia izango duten pozarekin zebilen asteburuan, ko-rri-ka! ko-rri-ka! kantuan. Zenbat Manex eta Ane, zenbat Peru eta Izar euskal geografia osoan?

Ez dakit aurten ere, aurrekoetan bezala, baten batzuek aitzakiak jarriko ote dizkioten ekintza erraldoi honi; kontua da atxikimendu geroz eta handiagoa duela AEK-k antolatzen duen sare geldiezin honek; ez da, ordea, beti hala izan. Antolatzaileek guk baino hobeto dakite zenbat oztopo, ezikusi, eta gaizkiulerturi egin behar izan dioten aurre urtetan zehar; eta hori ez da anekdota hutsa, ez. Noizbait eskertu beharko diegu euskara ilusioarekin, festarekin eta bizipozarekin lotu izana.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/04/psh04836.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!