Korrika eta bertsoak kalean

Euskalerria Irratia 2011ko api. 12a, 10:07

Aitor Etxarte

Kalea ez da etxe eta eraikuntza artean zabaltzen den bidea soilik.  Pentsaera autoritario eta antiurbanoek urduritzen dira kaleetan etengabe sortzen den nahasmenarekin.  Egunerokoa den egoera honek bere muturrak ditu ezohikoak diren egoeretan. Asteburuan.

Ostiralean Korrika gure kaleetatik sartu zenean hondartza efektua gertatu zen Iruñean. Larunbatean Bertso Txapelketarekin bezala. Gertatu aurretik eta ondoren kaleak  jendez hustu ziren, isildu, galtzadak luze ikusteko moduan . Handik gutxira adin guztietako pertsonen uholdeak lurzorua bete egin zuten, irribarrez, airean hitzak eta kantuak zabalduz.

Itsas bazterrean igerian garelarik hor dugu mundu osoa: ura eta gu. Ez dugu ezer gehiagotan erreparatzerik egoerak betetzen gaituelako. Igeri ondoren, bazterrean so garelarik patxada dugu gainerako guztia ikusteko, besteak antzemateko.

Ostiraleko gauerdi epelean Korrikaren bueltan banku publikoan bi emakume adindunak, hegoamerikarrak, atseginki solasetan bien artean litroko freskagarria eta litxarreriak plastikozko poltsan zituztela. Mundu bat.

Larunbata gauean Labriteko argi handienak itzali eta lagun gutxi gelditzen zirela, Txapelketan azkena gelditu zen Oskar hustuta eta alai zen oholtzaren azpira etorrita.  Beste mundu bat.

Kaletarrok bertan gertatzen dena etengabe interpretatzen ari gara eta, jakin dakigu, gu geu ere besteentzako azterketarako bazka garela. Kalearen marearen barruan garenean edo bazterretik so egiten dugunean. Pierre Bourdieuk idatzi du keinurik txikienak eta ñimiñoenak bideak ematen dizkigu egilearen identitateaz, bere egoeraz edo gizartean duen estatuaz igartzeko.

Hori da kalearen legea.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/04/psh04829.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!