Galeria argitsuan soslai beltz bat

Euskalerria Irratia 2011ko api. 6a, 12:00

Elixabete Garmendia

Gaurko izenburu nagusiak ez dakar argazkirik, soilik barruko orrialdeetan urpekariak Beriaingo Morea putzua miatzen.

Nik egunkaria miatu dut, argazkietan emakumeen bila. Eta topatu ditut izen propiodunak: Noala O´Luan, Brian Currinek zuzentzen duen taldekoa. Telebistako agendan, Maria Silvestre, Emakundeko zuzendaria. Euskarazko tesiengatik sariak jaso dituzten bost lagunen artean, bi emakume: Maite Oronoz eta Idurre Alonso. Euskalgintzan beste bat, Alizia Iribarren, Erriberan Euskaraz taldeko kidea.

Kulturako orrietan, Marianne Faithfull, Bilbon izango den kantari britainiar eder eta sakona. Hortik hurbil Maud Fontenay, nabigatzaile frantziarra.

Kiroletan Itxakoko neskak ageri dira, eta Korrikaren iragarkian emakumezko bat da buru, testigua daramala.

Adin, jatorri, lanbide eta interesgune askotariko emakumeak. Ausartak, inteligenteak, sortzaileak, konprometituak… plazandre nor bere arloan. Emakume izatearen harrotasuna pizten dutenak. Galeria argitsu horretan, ordea, soslai beltz bat, izen exotikoz: Yanela Zaruma. Aske izateko bide-zerga biziarekin ordaindu duen enegarren emakumea.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/04/psh04791.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!