Iritzia: Joxe Arratibel

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 24a, 19:42

Patxi Zubizarreta

Joxe Arratibel zendu zen, baina haren Kontu zaharrak liburu gogoangarria geratzen zaigu. Bertsio hori Miel Anjel Elustondok apailatu zuen, baina nik lehenagokoa baliatu nahi nuke, Kontu zaarrak alegia (Ed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1980), handik Aralargo txabola ipuina irakurtzeko.

«Bein bi lagun juan ziran Aralar mendira, arratsalde bat pasatzera. Mendian zebiltzela, txabola bat ikusi zuten, ia dana sasiak artuta. Lagun aietako batek bazekian aren berri, berea zuan da. Orregatik, sasiak kendu, ta giltza bat atera poltsikotik, eta zabaldu zuan.

Barruan sartu zanean, giltzea eman zion beste lagunari esanez:

—Orain atea itxi zak, ni barruan utzita. Gero juan emendik, eta bota zak giltza ori itxasora, al dean urrutiena. Ni emen geldituko nok.

Lagun ura juan zan itxas ertzera, ta besteak esan bezela, an bota zuan giltzea uretara. Gero bere etxera etorri zan, ta geiago ez zan akordatu giltza artaz.

Urte batzuen buruan, juan omen zan motill ori Donostira, ta arrandegi batean zegola, giltza bat atera omen zioten arrai bati tripatik. Orduan akordatu zan motill ura, giltza bat nola bota zuan itxasora, ta bere laguna nola utzi zuan txabola baten barruan, Aralar mendian.

Arrandegiko nagusiari eskatu zion giltza ura, zer gertatu zitzaion esanez. Urrungo egunean bertan igo zan Aralar mendira, lagun aren arrastorik ote zegon. Kosta zitzaion txabola ura ikusten, dana sasiak estalita omen zegon. Al zituan bezela sasiak kendu, ta ateraño iritxi zanean, ots egin omen zion barruan zegonari.

—Bizi al aiz?

—Oraindik bai —erantzun zion barruan zegonak.

Giltzaz atea zabaldu ta barrura sartu zanean, an ikusi omen zuan bestea, baztar batean eserita.

—Ondo egon al aiz? —esan zion sartu zanak.

Oso ondo egon zala erantzun omen zion besteak, bakar bakarrik sagu batzuek eman ziotela lan pixka bat. Belarri puntak zerbait moztuta omen zeuzkan, saguak janda.

Txabola ura itxi, ta biak errira etorri omen ziran, arratsaldeko bueltea egin bazuten bezela».

Joxe Arratibel ezagutzeko zortea izan nuen eta Urrezko giltza liburu-diskoan, berari eskatu genion Txomin Ipurdi grabatzeko, garai eta mundu baten lekuko. Eta, gaurkoa amaitzeko, ipuin horri egin nion bertsioa —gero Erein-ek argitaratu zuena— doakizue opari:

Behin ba omen ziren Txomin Ipurdi eta haren ama. Egun batez, semeak esan zuen:

—Ama, oso pobreak gara eta erregearen jauregira joango naiz laguntza eskatzera.

Bidean zihoala, azeri bat atera zitzaion, eta hari erregearen oilategia ezagutzeko gogoa sortu zitzaion.

—Sar hadi nire ipurdian! —esan zion Txomin Ipurdik.

Bidean aurrera, otso bat atera zitzaion, eta hari erregearen zalditegia ezagutzeko gogoa piztu zitzaion.

—Sar hadi nire ipurdian! —esan zion Txomin Ipurdik.

Baina bidea ibai handi batean amaitzen zen eta ezin, bada, hura zeharkatu!

—Sar hadi nire ipurdian!—esan zion Txomin Ipurdik ibaiari, eta aurrera jarraitu ahal izan zuen.

Noizbait ere erregearenera heldu zen, eta diru apur bat eskatu zion.

—Nirean ez dago alferrentzako dirurik —erantzun zuen erregeak, eta Txomin Ipurdi kexuka zebilela ikusirik, oilategira eraman zezatela agindu zuen.

Oiloak ardiak adinakoak ziren eta mutilari moko hemendik eta moko handik hasi zitzaizkion. Orduan Txomin Ipurdik esan zuen:

—Azeri, irten hadi nire ipurditik! —eta azeriak oilo guztiak txikitu zituen eta, tripa beterik, mendira urrundu zen.

Biharamunean, erregea izugarri haserretu zen eta Txomin Ipurdi zalditegira eraman zezatela agindu zuen. Zaldiak irrintzika eta jo hemendik eta jo handik hasi zitzaizkion. Orduan Txomin Ipurdik esan zuen:

—Otso, irten hadi nire ipurditik! —eta otsoak zaldi guztiak akabatu zituen eta, asebeterik, mendira urrundu zen.

Biharamunean, errege koleratuak Txomin Ipurdi su batean erre zezatela agindu zuen. Baina su garrak handitzen hasi zirenean, Txomin Ipurdik esan zuen:

—Ibai, irten hadi nire ipurditik! —eta ura burrustan irten zenez, sua itzali, eta denak iheska urrundu ziren.

Erregea beldurrak hilik geratu zen eta Txomin Ipurdiri zer nahi zuen galdegin zion:

—Lehen diru apur besterik ez nuen nahi, baina orain ipurdia zuen aberastasunez betetzea nahi dut.

Eta erregearen urre eta zilar guztiak sartu zituzten, eta herritarren diru guztiak eta, hala ere, ezin bada mutilaren ipurdia bete! Gero Txomin Ipurdi amaren etxera itzuli zen eta handik aurrera oso ongi bizi izan ziren. Eta fini.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/zubizarreta-martxoa.mp3]

Deskargatu

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/17-txomin-ipurdi.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!