Elizak, Txantrea eta Franco

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 15a, 09:06

Aitor Etxarte

Historiaren zigi-zagak bitxiak dira. Nabarreria auzoan bizi ginenentzako munduaren muga erreka zen. Hartara udako arratsaldeetan jotzen genuen eta urtean zehar bazkatzera kaletarrak genituen asto eta mandoek. Handik aurrera baratzetatik Burlatarantz jotzea abentura handia zen. Txantrea gure mapetatik kanpo zegoen, Agoitz ondoan edo izan zitekeen.

Bere sorreran, M.del Mar Larrazak esana duen bezala, auzoa bere diseinuan frankismoaren giza ideiala gauzatzeko helburua zuen eremu hiritarra osatzen zuen baina herri tradizionalaren irudiarekin moztu gabe, herri txikietatik zetozenentzako giro kristau eta eskuindar fantasiazkoa  asmatuz. Horregatik familia bakarreko etxeak, baratza txikiak, horregatik ere kale izendegi guztia irabazleen martiriekin.

Dena egituratua zegoen herri izateko, barne kontrola izateko. Guztiok guztiona jakiteko, guztiok normatik kanpo zegoena itotzeko, ezohikoa sortu aurretik lurperatzeko. Gutasun itxia sortzeko balio zuen eta, askorentzat, giza babesa sentitzeko. Hortik kanpo erabateko hotza.

1952an Francok auzoa inauguratu zuen, kasu bakarra Iruñeko historian, Los Caidos eta S.F.Javierreko elizarekin batera bidai berean. Hirukoitza Caudilloak hartu zuen lana, sinbolismoz beteak, denak.

Gero beste negu asko etorri dira.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/psh04660.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!