Josu Jimenez Maia
Gaur apalategiko liburu batek eman dit atentzioa. Liburua ez zegoen oso ongi sartuta eta, agian, horregatik eman dit begian. Patricia Highsmithe-en Ripley trebea eleberria da, Asun Garikanok euskaratua. Igela argitaletxearen ohiko formatu xume-polit-duinean. Liburua hartu ahala, buruko zurrunbiloan hasi zaizkit irudi lauso batzuk pizten, liburu hori bera irakurri nuen garaiko oroitzapen zenbait, pixkana-pixkana gorpuzten hasi direnak.
Aspalditik, liburu bat irakurtzen dudaneko data jartzeko ohitura dut, kortesiazko orrialdean, baita non irakurri dudan ere. Liburukote honen kortesiazko orrialdean “1999ko uztaila” agertzen da letrakera etzanaz idatzia, eta baita leku-izen bat ere, “Noja”. Eta bai, memoriaren zuloak hasi dira betetzen... Las Olas hotelean izan ginen, Unai txiki-txikia zelarik, artean hiru urte baino ez, artean Uxue alaba egitasmo bat ere ez zen garaian...
Gogora etorri zait sanferminak zirela eta Las Olas hoteleko sarreran topatu nintzela Iruñetik heldu berria zen Xabier Diaz-Esarte-kin, Poeta goitizezko lankide ohi batekin. Antza, bera ere, gure gisara, sanferminetako zurrunbilotik ihesi, Kantabriako hondartzen soseguaren xerkan.
Noja-ko oporraldi hartan, goizero, hondartzatik gertu zegoen (dagoen?) kafetegi batera joateko ohitura hartu nuen: emaztea eta Unai txikia hondartzan zeudelarik, nik kafetegiko terrazatik ikusten nituen, baina Patricia Highsmith-en idazkera arinak harrapatu ninduen eta tarteka baizik ez nituen begiak liburutik altxatzen hondartzakoei begiratzeko.
Arratsaldero, berriz, nirekin gelditzen zen Unai, potolo-potolo, lokuluxka egiten hondartzan bertan, arratseko eguzki apalaren eta olatu txikien kulunkan. Orduan nik aprobetxatzen nuen Patricia Highsmith-en nobela potoloari berriz ekiteko. Ripley Trebea plastikoarekin forratu nuen, ez oso trebe, baina! Atzeko azalaren eta plastikoren arteko hondar ale horiek Noja-ko hondartzatik ekarritakoak behar dute izan, eta hamar urte baino gehiago egon dira gorderik nire apalategian.
Txakur-belarri bat dago 77. orrialdean. Txakur belarria handia da, eta belarriaren ertzak seinalatzen du paragrafo bat:
“Hori da Anglo-saxoien hutsik handiena, ez dakitela jendeari begira egoten terraza bateko mahaitik”.
Ez dut gogoan Ripleyk berak edo beste pertsonaia batek esana den esaldi hori. Baina, nago egia handia dela, ahaztuta neukan egia handi bat. Noja-ko hondartzatik gertu zegoen (dagoen?) kafetegi horretako terraza bateko mahai hartan irakurriko nuen, segur aski, eta pentsatu nahi dut begiak liburutik jaso eta emazteari eta hiru urteko gure semeari begira geldituko nintzela.
Txakur belarri gehiago dago, baina beste egun batean liburu hori berriz irakurtzeko konpromisoa hartua, Ripley Trebea zegoen apalera bihurtu dut. Noja-ko oroitzapen berpiztuak daramatzat nire baitan.
[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/josu-martxoa.mp3]