Zazpi giltzaz itxitako kartzelak

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 9a, 14:00

Elixabete Garmendia

Emakumea eskuak hormatzarraren kontra bermatuta, belaunak tolestuta, bere buruari eutsi ezinik, negarrez. Fikziozkoa da argazkiko eszena, ostiralean estreinatuko duten “Gartzela” film laburretik ateratakoa. Iñake Irastorzaren jarrerak intentsitate dramatiko ikaragarria adierazten du. Iñakek gorpuzten duen pertsonaia bere amaginarrebak mendean hartua dauka; amaginarreba menperatzailearena, Arantxa Gurmendi aktore feministak egiten du. Filmeko “gartzela” ez da fisikoa, psikologikoa baizik.

Argazkiko eszena fikziozkoa dela jakin arren, asaldatu egiten du bat, auskalo zer mugituta erraietan. Behin, ariketa psikologiko batean, atzetik nituen emakumeak irudikatu nituen: ama, izebak, amona, amandreak… Eta atzetik aurrera kutxatxo bat pasatzen zen, belaunaldiz belaunaldi eta ezker-eskuin; kutxatxo hori tristuraz beteta zegoen, tristura ozeanikoz gainezka. Kutxatxoa eskuz esku zihoan, baina beti emakumeen eskuetan, gizonezkoek ukitu gabe: sufritzera jaiotako emakumeentzat herentzia ezinbestekoa; periodikoetan azaldu beharreko dramarik ez, soil soilik heziketa zikiratzaile batek eragindako etsipen hitsa, lerro femeninoari jarraituz beti. Auskalo nondik eta noiztik zetorren kutxak gordetzen zuen tristura.

Gaur iluntzean han-hemenka egingo diren afari xumeek eta manifa emeek ez dituzte irekiko zazpi giltzaz itxita ditugun kartzela belun guztiak. Baina bagoaz, poliki poliki, kutxari jaregiten, madarikazioaren lerro femeninoa eteten, kanpotik eta barrutik askatzen.

Erredakzioaren oharra: martxoaren 8an emana.

[audio http://euskalerriairratia.files.wordpress.com/2011/03/elix-garmendia-mar-8.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!