Iñigo Astiz
Amari
Bizia eman zenidan orain hogeitalau urte, baina
heriotzaz ari zara gaur, bazkalondoan, Zure heriotzaz
eta Nireaz ere bai, ze zure errautsak non zabaldu
adierazi nahian bazabiltza ere, normaltasun beldurgarriz
mintzo zara nire esistentzia aurreko beste esitentziaz.
Harrituta entzuten zaitut gainontzeko aukera guztiak isildu
eta Urbasa aukeratzen, eta arrazoiak datoz gero;
esaten didazunez, Niri esaten didazunez,
han izan zineten beste edonon baino zoriontsuago
eta han egon zineten Denak. “Ez daukat beste lekurik
nire errautsak zabaltzeko”, diozu gero bare. Bareegi.
Zure egunik zoriontsuenez ezer ez dakidala ohartu naiz,
kolpez, Ni gabekoak direla Zure egunik onenak eta
zuekin batera atzera han egoteaz hasi naiz fantaseatzen,
gogoan darabilzun nire jaiotza aurreko egun hori
zuekin batera pasatzeaz; hizketan eta laino artean,
kontatzen duzunez, elkar doi-doi ikustera helduz
eta Gure kontuak ez beste iparrik behar gabe.
Ohartuko al zinateke nire presentziaz, ama?
Ezagutuko al nindukezu semetzat? Eutsiko al zenioke
Ni izateko aukerari, baita Ni ezagutu ondoren ere?
Bat gehiago nintzateke, agian, izebaren eta zure artean,
bat gehiago Urbasan, Gu eta Besteentzat gosaria prestatzen,
Amonak zure bitartez pasatako patatak zuritu ahala,
zergatia ongi ulertzera heldu gabe, baina, Ni ere
Zure zerbait handi horren parte sentituz.
[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/03/astiz-ama.mp3]