Arkeologia

Euskalerria Irratia 2011ko mar. 2a, 08:53

Elixabete Garmendia

Egunkari batek azaleko argazki nagusia duela ia 14.000 urteko artelan bati eskaintzen badio, eguna ondo hasi dugun seinale. Hori da gaurko kasua, BERRIAren azalari begiratuta: Jesus Altuna arkeologoa esplikazioak ematen pantaila batean ageri den irudi bati buruz. Hasieran abstrakto samarra gertatzen da irudia, baina esplikazioak irakurri ahala, berehala ulertzen da; hegaka doan antzara bat-edo izan omen daiteke. Pantailan handia ikusten da, baina errealitatean zazpi zentimetrora iristen ez den luzerakoa, zabalera milimetrotan kontatuta. Bisonte baten saihets hezurrean zizelkatua dago irudia.

Halako pieza txikitik arkeologoek zenbat ondorio ateratzen duten, hori da miragarria. Amuleto bat izan omen daiteke, baina Altunak, zuhur, ez du ziurtasun osorik ematen, eta dio, oso era grafikoan: “Burezurrak-eta fosilizatzen dira, baina ideiak ez, eta ideia haietatik oso urruti gaude”. Arkeologoen zientziari lotuta ez gaudenoi, imajinazioaren bidea zabaltzen zaigu libre, Ekainen, duela hamalau mila urte, hegazti hegalariaren erretratua egiteko gai izan zen gizaki hura irudikatzeko. Lehenengo galdera, gizonezkoa ala emakumezkoa ote zen?

Egunkariaren azalera itzulita, beheko aldean, argazki txikian, Uxue Barkos. Irrifartsu ageri da, eta ahotsa kraskatu gabe eman zuen atzo berri zitala: bularreko minbizia daukala. “Adoretsua da oso” esaten zuen atzo, ondo ezagutzen duen beste politikari batek. Ideiak, Altunak zioen bezala, ez dira fosilizatzen, ezta jarrerak ere. Baina Ekaingoa amuletoa balitz, eta gaitzari aurre egiteko indarra balu… hura Uxue Barkosentzat.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/03/elixabete-garmendia-mar1.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!