Iraultza ez-bortitz demokraziazaleak

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 28a, 12:28

Herri bat, Polizia bat

Patxi Lopez Ajuria Enera iritsi zelarik, “konstituzionalismotik lurraldetasunerantz” leloa aldarrikatu genuen, Miguel Sanz diputazio-buruak esan baitzuen ordutik aurrera bi erkidegoen artean harremanak errazagoak izanen zirela, gobernu bateko zein besteko buruak konstituzionalistak zirelako. Haatik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikako arduradunek diote Nafarroako Gobernuari elkarlana proposatu dioten aldioro “horma bat” aurkitu dutela aurrez aurre. Eta bistan da Nafarroan ETB digitalki zabaldu ahal izateko negoziazioak ere okerreko bidetik dabiltzala. Jada etsitzen hasiak ginen. Baina aste honetan itxaropena berpiztu digun titularra topatu dugu Nafarroan eskela gehien saltzen dituen egunkarian: “Poliziaren trebakuntzan elkarlana areagotuko dute Euskal Autonomia Erkidegoak eta Nafarroak”. Hari atxikitako testuan irakurri dugunez, Arkaute bisitatu berri du Nafarroako Gobernuko arduradun batek. Beraz, guk iragarritakoa errealitate bilakatzen ari da, ez agian guri garrantzitsuak begitantzen zaizkigun hizkuntzarena eta kulturarena bezalako alorretan, baina bai agintari konstituzionalistentzat estrategikoak diren gaietan. Kontrol sozialetik lurraldetasunerantz. Herri bat, Polizia bat. Ertzaintza da bide makarra -gaztelerazko zentzuan: makarroi, txulo-. Ez, ordea, bakarra; izan ere, oraintxe oroitu gara Abiadura Handiko Trenaren inguruan ere elkarlan batzordea osatua dutela bi gobernuetako Herri Lan eta Garraio arduradunek. Gora Euskal Herria poliziala! Gora Euskal Herria abiadura handikoa!

Talde armatu baten 30. urteurrena

A ze erauntsia aste honetan pairatu duguna. Ez gara ari eurite meteorologikoaz, baizik eta 1981ko otsailaren 23ko estatu kolpearen urteurrenaren karietara Hego Euskal Herrian sufritu dugun zaparrada mediatikoaz. Batzuek diote Espainiako erregea beatifikatu behar dela, bestetzuek zuzenean saindu izendatu behar dutela. Diktadoreak inposaturiko estatu buru hautestontzietatik igaro gabea omen demokratarik handiena. To eta no. Modan jarri den galdera, ea non zizen zu egun hartan. Harrigarriki, ia aipatzeke geratu dena, non ziren egun hartan Espainiako Diputatuen Kongresuan sartu ziren ehun guardia zibilak eta haien buruak. Erran nahi baita talde armatu bat tiroka sartu zela Espainiako Kongresuan eta diputatu guztiak bahitu egin zituela. Eta -Tejero eta Armada turko-buruen salbuespenarekin-, inork ez daki talde armatu horretako kideak nortzuk ziren, zer harreman politiko zituzten, zeintzuk ziren haien buru politikoak, zer ibilbide politiko izan duten gero, zein alderditako hauteskunde-zerrendak kutsatu dituzten, hauteskunde-zerrenda eta alderdi horiek legez kanpo utzi beharko liratekeen... Alderaketak gorrotagarriak izan daitezke, baina baita argigarriak ere. Muturreko zentroko prentsa espainiarrean bolo-bolo ibili duten albistea, Sorturen sortzaileetako bat duela 30 urte Herri Batasunako hautagai izan zela. Aipatzen ez dutena, PSEko egungo zenbait kide sasoi horretan berean talde armatu bateko kideak zirela, eta, bidenabar esanda, armak utzi eta gero politikan jardun ahal izan zutela atzera begirako inolako gaitzespenik edo damurik adierazi gabe.

Umore beltza

Bat: ikusgarriak, zinez, Ipar Afrikako altxamendu ez-bortitz eta demokraziazaleak. Haien aldarrikapenak: alderdi guztien legalizazioa, hauteskunde garbiak, aldaketa demokratikoa. Hara, pentsatzen jarrita, Euskal Herria uste baino arabiarragoa da: iragan asteburuan jendetza elkartu zen Bilbon, manifestazio guztiz e-bortitzean, hain justu aldarrikapen horiek berberak egiteko. Bi: ETAren terrorismoarekin dibertitu dela eta haren aurka borrokatzeak gaztetu duela esateagatik, gogotik egurtu dute Fernando Savater intelektual organikoa aste honetan. ETAren indarkeria irmoki kritikatzeaz gain, Estatuaren indarkeria kritikatzen zutenak kriminalizatu ditu, eta jarduera horren bitartez boterearengandik hainbat onura jaso ditu. Baina ezin uka daiteke halaber sufritu egin duela, mehatxatua izan baita, gertukoak hil baitizkiote. Zaila da imajinatzen nolakoa izanen nintzen ni duela 20 Zaldieroa hil izan balute. Horregatik guztiagatik, Hugo Martinez Abarcarekin ados gaude: Savaterrek umore beltza egin du bere sufrimenduaren kontura, eta horrek badu bere meritua. Hiru: amaitzeko, demagogia pixka bat. Berlusconi presidente italiarrak 200.000 euro gastatu zituen haren maitaleei autoak oparitzen, eta datua eskandaluzkotzat jo dute. Bizi gaituen krisiaren erdian, Miguel Sanzek 600.000 euro gastatu ditu Amerikako Estatu Batuetara bisita egiten, Nafarroaren enegarren astea antolatzen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!