Poliziaren hautsa egun batean...

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 23a, 09:31

Enbor polizial beretik sortuko dira besteak

“Aurreko txostenak sortu ziren enbor polizial beretik sortuko dira besteak, borroka horretan iraungo ez duen alderdi txiki gazteaz. Poliziaren hautsa egun batean bilakatu zen epai gai. Eta horrela ibiltzen gera, sortuz eta sortuz gure legea, atsedenik eman gabe, egurra emanez goaz aurrera, kate horretan denok batera, gogorki loturik daude...”.  Auzitegi Nazionalari txostenak prestatzen dizkioten poliziak eta guardia zibilak lan afarietan horixe kantatzen imajinatzen ditugu. Pentsatzekoa da lan afariak-eta maiz egiteko aukera izanen dutela; izan ere, ez du ematen txostenok egiteko lan handia hartzen dutenik, areago, maiz ajeak jota egiten dituztela ematen du. Bateragune auziaren kontura Otegi espetxeratu zutelarik, txostenek The Organization-en aginduz Batasuna birsortzen ahalegintzea egozten zioten. Baina, aldi berean, Batasunaren eta The Organization-en arteko talka aipatzen zuten. Hau da, txostenon arabera, Otegi The Organization-en aginduz Batasuna berpizten ari zen The Organization-en aurka egiteko. Dena oso logikoa. Orain, agiri berberetan oinarriturik, txostenek diote -betiere agentziek filtratu dutenez- Sortu The Organization-en estrategiaren esanetara dagoela. Hartara, trikorniodun burutsuon arabera Sortu The Organization-en aginduz errefusatzen ari da The Organization-en indarkeria. Beraz, The Organization bere indarkeria errefusatzen ari da. Beraz, The Organization-en indarkeriarenak egin du eta ez dago zertan alderdirik legez kanpo utzi. Agian hau guztia zuen buruan Raxoik esan zuelarik Sorturi buruzko txosten polizialak “oso albiste ona” direla. Bestela, pentsatu beharko dugu PPko buruarentzat Sortu The Organization-en menpe egotea eta hartara bakea urrutiago egotea albiste ona dela.

Txapela buruan, ibili Nafarroan

Aste honetan, Serio Demonio ez dugu ordenagailuz egin. Zaldieroak marrazkiak trikuharri batean zizelkatu ditu, eta nik testua aizkorarekin enbor batean izkiriatu dut. Irrintzien bitartez eman diogu elkarri egiten ari ginenaren berri, eta lanak amaitu ditugularik, txapelak gora bota, eta porrusalda dantzatu dugu, abarkak ederki astinduz. Kontua da, ahalik eta lasterren lortu nahi dugula euskaldun tradizionalaren labela. Izan ere, PSNko idazkari nagusi Roberto Jimenezek aste honetan esan duenez, Nafarroan “hizkuntz politika arrazoizko eta eraginkor baten helburua izan behar da [euskaldun] komunitate tradizionalari bitartekoak eskaintzea haien hizkuntza kontserbatzerik eta garatzerik eduki dezaten, euskara Nafarroa osoan artifizialki berpiztu gabe”. Beraz, gure hizkuntz eskubideak aitor diezazkiguten, aurrerantzean modu horretan jokatu beharko, tradizional-tradizional, euskaldun berriak izanagatik ere euskaldun tradizionaltzat onar gaitzaten. PSNK aste honetan antolaturiko euskarari buruzko jardunaldian egin zituen adierazpenok Jimenezek. Itxura batean, euskaldunoi irudi hobea eskaini nahi ziguten. Eta horretarako zer eginen Jimenezek -edo diskurtsoak idazten dizkionak- eta halako harrikada bota. Etsigarria. Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik adierazi zuen Nafarroako Gobernua “horma bat” dela euskara lantzean. Hala da, bai. UPNren esku dagoen Nafarroako Gobernua frontisa da, eta PSN, horri eusten dion ezker pareta. Eta euskaldun nafar tradizional zein ez tradizionaloi tantoak errenkadan egiten ari zaizkigu, behin eta berriz horma-bikoa eginez. Ederki ari gara:metafora guztiz tradizionala atera zaigu.

Euskara, tente

Amaitzeko, ohi denez, tutti-fruttia. Bat: horren tradizionala izan ez dena, aste honetan interneteko twitter sarean sortu den euskalporn etiketa. Albistea -zaharkitua, bidenabar esanda-, pelikula porno bat euskaratu dutela. Tuiterlari euskaldunek aitzakia horrekin egin dutena, balizko izenburuak asmatu: Connilinguae Vasconum Primitiae; Espermaren mintzoa; Kanpaijolearen semea; Maite ditut maite zure izterrak; Urrutiko txorrak 14 (cm), gerturatu eta lau; Hazi zuria aurrera, hazi zuria atzera; Atzetik, atzetik, zu zara nagusia; Gora euskal gerria askatuta; Sartu... Euskal literatura, kantagintza, atsotitzak, kirola, politika dantzan jarri dituzte, euskal unibertso ia osoa, hizkuntzarekin jolastuz, umore politikoki ez zuzena egiteko, eta bidenabar milaka erdaldunen arreta erakartzeko, Espainiako twitter-en hainbat orduz euskalporn etiketarik erabiliena izan baita. Ba al da gehiago eskatzerik? Euskara, xut. Bi: euskal politika zirkunlokioz, itzulinguruz betetzen ari zaigu. Batasunaren eta Aralarren arteko zatiketaren ondotik, ezker abertzalea aipatzen genuen aldioro hortxe ibiltzen ginen, duda mudatan, izen lagun bat sartu ala ez sartu -historiko, legez kanporatu eta abar-, sartuz gero batzuk mintzen zirelako eta ez sartuz gero, bestetzuk. Eta orain, antza, gauza bera gerta dakiguke Nafarroa Bairekin, EAko buruak behin eta berriz esaten ari baitira koalizioaren baitan geratzen direnek -Aralar, EAJ eta independenteak- ez dutela zilegitasunik marka hori erabiltzen jarraitzeko. Zer egin beharko dugu Aralar, EAJ eta independenteek osatzen duten koalizioarekin, EArik eta Batzarrerik gabeko NaBai deitu? NaBai B? NaBai II? Ufa.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!