Iritzia: Hitz jokoak

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 17a, 18:32

Angel Erro

Samuel Beckett idazleak dio hitz jokoa dela jainkoaren lehendabiziko hitza. “In the beginning was the Pun”. The Big Pun. Ingelesez gain, euskaraz ere lehendabiziko solasa akaso jolasa izan zen, ez baikara holakoetan makalak. Iñaki Arranzek Hitza azti liburuan haietako batzuk biltzen ditu, ondoko perla bezalakoak:

Zer uko Loreak, zeruko loreak zeru koloreak baditu? (Anjel LERTXUNDI).

Xentimoko xentimentuak (JosAnton ARTZE).

Politikan ez dago gauza politikan! (LAZKAO TXIKI).

Honetara jarririk, erdaran ere holako asko entzun ditzakegu maiz. Erromatarren film bat ikusten dugunean, legionarioak zer dio  “Ave Cesar de Roma” edo “a veces arde Roma”?  Mexikarrak zer ulertuko du, “Vaya semanita” ala “váyase, manita”? Edo Shakiraren azken arrakasta (Piquérena aintzat hartu gabe) hobeki ulertzeko klabea eskura izan dezakegu: “Si yo loco loco, ella loquita; y si yo loquito, ella locaza (Si yo lo coloco, ella lo quita; y si yo lo quito, ella lo caza)”.

Burura etor dakizkigun txantxa edo hitz jokoak hauek bezain biribilak izan gabe ere, ez ditzagun barruan gorde. 1719an Thomas Sheridan irlandarrak ‘The Art of Punning’ idatzian hitz-jokalari trebea izateko arau batzuk ematen ditu, trebea eta konplexu gabea. Esaterako, zortzigarren arauan (The Rule of Interruption delakoan) xehatzen du, solaskidea gai serio bati buruz ari bada ere, hitz joko bat bururatuz gero, bestearen jarduna eteteko eskubidea dugula, eta, gainera, zalapartaz, bederatzigarren arauaren bertutez (The Rule of Risibility) nork bere hitz jokoaz irri egiten lehena izan behar baitu, txantxa ahalik eta gehienez azpimarratzeko; hala ere, Errepikapenaren Arauak (hamaikagarrenak) ahalbidetzen du, hitz jokoa ez dadin alferrik galdu, presente dauden guztiei banan-banan berriz esatea, guztiek ongi entzun eta ulertu dutela seguru egon arte.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/erro-hitz-jokoak.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!