Hau ez da entelekia

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 16a, 13:30

Elixabete Garmendia

Eta orain argazkiko gizon-emakume hauengan dago itxaropenaren zati dexenteko bat. Dagoeneko ezagun egin zaigun Brian Currinekin batera, hor daude Pierre Hazan, Raymond Kendall eta Nuala O´Loan; beste bi lagun falta atzoko argazkian: Silvia Casale eta Alberto Spektorowski. Hego Afrikatik Israeleraino, Suitzatik Britainia Handia eta Irlandaraino, jatorri eta etorri askotariko gizon-emakumeak, amantala jantzi eta konponbiderako errezetak prestatzeari ekingo diotenak.

Lasaitua sentitzen du batek halako talde bat lanean jardungo dela jakinda. Gatazka korapilatsuetan zailduak, asmatuko ahal dute hemengo mataza askatu eta buruko estalkiaren ordez, sokadantzarako balioko lukeen lokarri luuuuzea trikotatzen.

Baina folkie honek azkarregi egingo zuen salto sokadantzara, biharamuneko egunari irudia, musika eta giroa jarrita. Nork ez du imajinatu noizbait gatazka gainditu osteko egun hori? Gogora datorkit, laurogeiko hamarkadan, ETAren eraso gogorrenak batetik, GAL bestetik, bortxakeria gordinen zegoen garaian, ABCko kazetari liskartsu bati entzundakoa: “nik, Donostian Pakitorekin poteak hartu ahal izatea nahi nuke ordea!”.  Hark ere, poliziarekin hari zuzena zeukan kazetariak, bakea omen amets.

Egun hauetan bati baino gehiagori entzun diot, toki ezberdinetatik, ezker abertzaleak emandako pausoaren aurrean, denok daukagula lagundu beharra. Hasteko, larunbatean, Bilbon, huts egin ezinezko hitzordua. Nazioarteko bitartekariek ere ikus dezaten hau ez dela entelekia.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/elixabete-gar-ots.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!