XX. mendeko historiaren pasarte bat

Euskalerria Irratia 2011ko ots. 2a, 18:36

Angel Erro

Lehen Mundu Gerran telegrafoa mezu sekretuak bidaltzeko, etsaien mezuak harrapatzeko eta etsai nahasteko mezu faltsuak bidaltzeko baino ez zen erabili.

Bigarren Mundu Gerran ingelesek ordenagailua asmatu zuten mezu sekretuak deskodetu ahal izateko, eta 60etan amerikarrek internet asmatu zuten, errusiarrek ondorengo mundu gerraren batean askatasun eta demokraziarentzat biziki informazio garrantzitsua gorde ahal zuten beldur zirelako. Eta hirurehun hirurogeita hamar milioi lagunek interneterako sarrera izan zuten eta beraien ideiak eta desirak libreki eta mugarik gabe komunikatu ahal izan zituzten. Eta zenbait turismo-agentziak bidaia birtualak interneten bidez eskaintzen zituzten, prezio on-onetan, lurralde urrunetara, hiper-hiritar bakoitzaren gogoaren arabera. Eta emakumeek internet bidez eska zezaketen emaile izengabe baten esperma eta hainbat laborategik kalitate bereziko gizonen esperma eskaintzen zuten, astrofisiko, ingeniari edo saskibaloiko jokalariena. Emakumeek esperma ehun eta hamabost irizpideri jarraiki aukeratu ahal zuten: nazionalitatea, jatorria, arraza, erlijioa, ikasketa-maila, norberaren gustu eta hobbyak, ile-kolorea, bilo-lodiera, testikuluen bolumena, eta abar, eta jatorri afganiarreko hogeita hamar urteko biologo amerikar ile-beltz begi-urdin baten esperma eros zezaketen, edo berrogei urteko jatorri ukraniar-holandar eta erlijio bautistako abiazio-ingeniari baten esperma, edo talentudun xake-jokalari batena, hamazazpi urtekoa, txinatarra eta barrabil txikikoa. Dosi batek, bataz beste, mila eta berrogeita hamar dolar amerikar balio zituen, bidalketa-gastuak barne, eta emakumeek esperma-emailearen ahots-grabaketa bat ere eska zezaketen. Grabaketan zera entzun ahal zen: “Kaixo! Gaur egun ederra ari du, benetan, mendian buelta bat emateko modukoa. Espero dut asebeterik gelditzea nirekin”. Eta grabazioa enkargatua zuen emakumeak jakin nahi izan zuen %10eko beherapena egin ahal zioten, esperma-emaileak ez zekielako erreak ahoskatzen.

Patrick Ourednik

Europeana (XX. mendearen historia labur bat)

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/02/erro-txekiarra.mp3]

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!