Logika hutsa, Txikitero maitea

Euskalerria Irratia 2011ko urt. 17a, 10:40

Iragarritako agiri baten kronika

Iragan iganderako iragarri genuen The Organization-en agiria eta, astelehenean ezagutu bazen ere, larunbateko data zeraman. Beraz, bi egunon arteko batez bestekoak igandera garamatza. Hamar puxtarri Zaldieroarentzat eta biontzat. Bestalde, irailean, The Organization-ek aurreko agiria plazaratu zuelarik -su-etena aipatu gabe su-etena iragartzen zuena, “eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia” zirkunlokioaren bitartez-, iragarri genuen prozesu honetan The Organization-ek menia faszikuluka eskainiko zuela: bigarren entregan su-eten hitz zehatza sartuko zuela, eta hurrengoetan pixkanaka-pixkanaka adjektiboak atxikiko zituela. Esan gabe doa bigarren faszikulu honetan su-eten substantiboa ageri dela, baina aldebakarreko eta itzulezin izenlagunak falta direla. Beste hamar puxtarri Zaldieroarentzat eta biontzat. Bistan da une txarra hautatu duela Imanol Muruak BERRIAn analista lanetan eszedentzia hartuta Renora alde egiteko. Izan ere, Serio Demoniokoak sasoiko gabiltza, sasoiko gabiltzanez. Itzultzen delarik, euskaldunon erreferentziazko analista politikoaren tronua okupaturik topa lezake. Eta, Xabier Aierdik esan ohi duen bezala, abisatzen duena ez da, derrigorrez, traidore.

Txapela kentzekoa

Batetik, T4aren ondotik, The Organization-ek sinesgarritasun arazo agerikoak ditu; bestetik, agerikoa da Espainiako, Gasteizko zein Iruñeko gobernuek edozein agiriri deus berririk ez dakarrela erantzuteko asmoa dutela. Hori guztiori horrela, estrategia komunikatibo egokia izan daiteke faszikuluen hau, betiere mamiari, testuari doakionez. Izan ere, azalari, kontestuari dagokionez, ez du horren ongi funtzionatzen. Bideoetan behin eta berriz eskaintzen duten irudia oso iluna da. Hor ere aurrerapauso argigarri bat egin beharko lukete, faszikulu bakoitzeko. Esate baterako, ateratzen duten lehen bideo-agirian, adierazpena aldebakarreko adjektiboarekin jantzi eta eskularruak erantzi. Bigarrenean, testuan itzulezin izenlaguna jarri eta txaketa beltzak kendu. Hirugarrenean, paperean behin-betiko sartu eta txapelak burutik atera. Laugarrenean, armategiak agerian utzi eta kaputxak ezkutatu, behingoz kalez jantzita eta aurpegia ezkutatzeke agertzeko. Metamorfosi guztiz grafikoa izanen litzateke, pixkanaka-pixkanaka uniformea eranztearena. Jakina, The Organization-ekoak ez dira, inondik inora, inguruotako uniformedun bakarrak, ezta ugarienak ere. Ea beste horiek ere uniformeak kentzen eta bestelako lanbideak bilatzen hasten diren.

Brian Holmes, Euskal Herrian

Carlos Pujolen -idazleaz ari gara, ez futbolariaz- Los secretos de San Gervasio liburuan, Sherlock Holmes sona handiko ikerlari ingelesa Bartzelonara joanen da, krimen bat ikertzera. Haren ohiko indukzio metodo arrakastatsuak erabiliz saiatuko da hura argitzen, baina ez du deus lortuko, porrot galanta pairatuko du. Aterako duen ondorioa, herrialde britainiar zibilizatuetako logikak ez duela piperrik balio Espainiako erresumaren menpeko lurralde ilogikoetan. Beldur gara Brian Currinekin ez ote den gauza bera gertatuko. Ez ote den izanen Brian Currin bakegintzako Sherlock Holmes-a -eta Paul Rios haren Watson fidela, edo Txikiteroa-. Bruselako sinatzaile nobel saridunekin etortzekoa da gurera, Hegoafrikan zein Ipar Irlandan bakea lortzeko ibilitako metodo berak aplikatzeko xedearekin. Ikusteko dago, baina, metodo arrazoizkook funtzionatuko ote duten nahikoa parametro irrazionaletan mugitzen diren bazter hauetako eragileekin. Argi gera bedi: edonola ere, oso albiste ona iruditzen zaigu aurrerantzean Espainiako Gobernuak, La Pelota Basqua ez ezik, nazioarteko bitartekariak ere edukitzea haren teilatuaren gainean punpaka. Agiria bere osotasunean iruditzen zaigu oso albiste ona. Hobea izan litekeena. Hobea bihurtzea espero duguna. Merezi dugulako. Zor digutelako. Batzuek eta bestetzuek.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!