Beste doinu batekin

Euskalerria Irratia 2011ko urt. 12a, 07:00

Elixabete Garmendia

Argazkia ezaguna da, gutxienez orain dela hamahiru urtetik; 2006an errepikatu zen. Lehenengoan bi lagun bakarrik zeuden mahaiaren aurrean, harrez gero hirugarren bat.

Hasieran berritzailea izan zen argazkia: aurpegiak mozorro zuriz estalita, begientzako zuloak bakarrik zabalik, buruan txapela, paparrean eranskailua, barreneko paretan dagoen “bietan jarrai”ko irudi berberarekin. Albo batean ikurrina, bestean Nafarroako bandera eta arranoarena.

Biderkatu da eszena telebistetako pantailetan eta hedabide paperezko nahiz digitaletan. Hainbesteraino, ze Espainiako gobernuko presidentea bera, Rodríguez Zapatero, atzean sugearen irudia eta ETAren zigilua dituela ageri da.

Argazkiak, bere hartan, ez dakar berrikuntzarik, baina orain arte ez bezalako izenburuak, argazki-oinak eta hizpideak eragin ditu. Izan ere, beste doinu batekin dator, orain arte esan gabeko hitza emanez.

Argazkia, ez da ETAren historiako azkena oraindik. Horregatik, azkena izan daitekeen hori amestera eramaten du bat. Amaierako hartan mozorroak erantziko dituzte bozeramaleek; paparreko eranskailuak kendu eta berreneko posterrarekin batera Lazkaoko Artxibategira eraman ditzakete, han baitago orain arteko bildumarik zabal eta osoena. Berdin egin dezakete ikurrina eta banderekin ere.

Eta hori eginda, eta ametsarekin segituz, izango ahal dugu aldarterik –eta motiborik- txanpain botilak ireki eta kalean topa egiteko aspaldi ikusi gabeko lagunekin. Sugeak eraman zituenak ahaztu gabe.

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2011/01/elixabete-garm-urt-10.mp3]

deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!