Serio Demonioren erredakzio nagusian -Goñi Tabernan, esan nahi baita- jakin ahal izan dugunez, estilo arazoak dira The Organization-en agiriaren atzerapena eragin dutenak, edo eragiten ari direnak -beste behin ere, lerrook idazterakoan ezin jakin argitaratzen direnerako ditxosozko agiria kalean izanen denetz-. Are gehiago, hiru estilo ezberdinetan idatziriko agiri zirriborroak eskuratu ahal izan ditugu.
Agiria, Bernardo Atxagaren estiloan
Desagertzen ari den mundu baten azken ordezkariak gara, Virgilioren nekazari zoriontsuen mundua nola, hala desagertzen ari baita euskal gudari askatzaileen mundua ere, abiada gero eta azkarragoan, atzerabiderik gabe. Gure gurasoek, gure aiton-amonek, gure aiton amonen gurasoek eta guk geuk, guztiok ezagutu izan dugu gerra euskal paisaiaren parte moduan, gizaldiak elkar lotu dituen gerra katearen poderioz: karlistadak, 36ko gerra, gure gerra. Baina Euskal Herria Euskal Hiri bilakatzen ari den honetan, gure paisaia berrian jada ez dago tokirik halako atabismoentzat. Gainera, gure Euskal Hiri txiki honekin batera, mundu osoa aldatzen ari da: Europa zaharrean, gurea da azken talde armatua; eta Hego Amerikan, gerrillari bizardunek aspaldi zuritu zituzten bizarrak eta diskurtsoa, agintari gorbatadun eta ezin zuriago bilakatzeko. 2004Ko martxoaren 11n, mundu zabala guri begira jarri zenean, horrek borroka armatuak utzitako gauzen inbentarioa egitea eskatu zigunean, guri zerbait hautsi zitzaigukean bihotzean, KRA. Haustura horren ondorioa da orain tregua aldebakarreko, iraunkor eta egiaztagarria iragartzea. Armak lurperatuko ditugu eta, haiekin batera, pospolo kaxetan gordeta, orain arte asko erabili ditugun eta sarri apenas erabiliko diren hitzak: iraultza zerga, talde, zulo, ekintza...
Agiria, Kirmen Uriberen estiloan
Ukrainan egitekoa zen nazioarteko agiri-idazle sinposio batera nindoan. Lufthansako mahaian maleta fakturatzen nuen bitartean, Albaniako agiri-idazle batekin egin nuen topo. Elkarrekin gerturatu ginen aireportuko kafetegira. Kafetegia eguerdiko eguzkiak hartua zuen. Eguzki izpiak sartzen ziren kristalezko leiho garaietatik. Urrezko malutak nabari ziren airean. Urrezko maluta horien pean, Albaniako agiri-idazleak esan zidan nekatu itxura nuela. Nik ezer galdetu gabe, gaineratu zuen albanieraz su-eten armepushim esaten dutela. Literalki, arma-atseden esan nahi du. Une horretan jabetu nintzen armak utzi eta atseden hartzeko garaia zela. Ondarroako garai bateko marinel zaharrei legez, guri ere heldu zaigu kaira behin betiko itzultzeko ordua. Armek, guk, denok atsedena behar dugu. Kafetegi hartan bertan hasi nintzen idazten su-eten aldebakarreko, iraunkor eta egiaztagarria iragartzeko agiri hau, Euskal Herri osora itxaropenaren urrezko malutak barreiatzeko asmoz.
Agiria, Anjel Lertxundiren estiloan
“Habia egin deneko txoria hilda”, hala esaten dugu gurean, zerbait prest dagoenean eta hondatzen denean. Ez dugu halakorik gertatzerik nahi. Habia, gogoeta eginda dago ezker abertzalearen baitan armak uzteari doakionez, eta ez dugu denbora pasatzen utziz aukera usteltzen, txoria hiltzen utzi nahi. “Ezjakinak dena du argi, jakintsuak dena du zalantza eta gogoetagai”, halaxe zioen Aristotelesek, eta guk jakintsuen moduan jokatu nahi izan dugu, borroka armatuaren balioa beti ziurtzat eman gabe, haren inguruko dudak aztertuz. Euskararen altxor-kutxan harri bitxiak ugari direnez, bada gurean maiz erabiltzen dugun beste esaldi bat: “Bagoaz, hankekin behea joaz”. Eguneroko martxa adierazteko, jardunari jardun egindako lanaren garrantzia markatzen dugu horrekin. Eta iruditzen zaigu Euskal Herrian badugula behea -erralitatea- hankekin joz aurrera egiteko garaia. Beraz, txoriak txioka segi dezan, armak tiro pun egiteari utzi behar. Beste modu batean adierazita, menia aldebakarreko, iraunkor eta egiaztagarria iragarri nahi dugu. Kafkak zioen bezala, “munduaren eta zeure arteko gerran, beti munduaren alde egin behar”.
(Zaldieroak eta Juan Kruz Lakastak urtarrilaren bian, Berrian argitaratua)
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!