Iritzia: hartzkume

Euskalerria Irratia 2010ko abe. 16a, 18:50

Patxi Zubizarreta

Aspaldi handian, bi espos-esposa oihanean zebiltzala, hartza etorri, eta emakumea leize batera eraman zuen. Haien elkartzetik seme bat sortu zen, baina mutiko kementsuak, zazpi urte betetzearekin, leize zuloko harritzarra eskuaz baztertu, eta ama-semeek ihes egitea lortu zuten.

Herrixka batera iritsirik, erretoreak hartu zituen eta bera egin zen mutikoaren aita besoetakoa. Eskolan hasi zelarik, baina, haurrak trukafa hasi zitzaizkion: ‘Hartzkume, Hartzkume, ile luze!’. Akaberan, mutikoa haserretu, lagun bati zangoetatik heldu, eta harekin zafraldi ederra eman zien zirikatzaileei.

Gazte denboran, herrixkan laketu ez, eta aita besoetakoari adierazi zion mundua eta beldurra ezagutu nahi zituela. Erretoreak ordaindurik, orduan, arotzak mutikoarentzat bost kintaleko makila burdinazko bat egin zuen eta gaztea munduan barrena abiatu zen.

Pagadi batean gaindi zihoala, egurretan zebilen gizon bat topatu zuen, eskuaz enborrari heldu, eta pagoak zuztar eta guzti erauzten zituena. ‘Ni banauk, baina hi ere bahaiz’, pentsatu zuen, eta biek elkar hartu, eta bidean aurrera egin zuten. Hurrena, eskua errotarri batean erdiko zulotik sartu, eta brrr-brrr, airean itzulika zerabilen gizon bat topatu zuten. ‘Gu bagaituk, baina hau ere zerbait baduk’, pentsaturik, hirurek jarraitu zuten mundua eta beldurra ezagutu nahian.

Egun batez, gaztelu huts batera iritsirik, egurgina bazkaria prestatzen utzi, eta Hartzkume eta errotaria ehizara joan ziren. Eguerdi partean gizon xahar bat eskean heldu zen, eta egurginak esan ziolarik bazuela beste lanik eta handik alde egiteko, agureak ezustean bereak eta asto beltxarenak eman zizkion. Lagunek egurgina xehatua eta porrokatua topatu zuten, baina gertatu zitzaionaz ez zioten hitz erditxorik ere atera.

Biharamunean ber gauza gertatu zitzaion errotariari, baina hirugarren egunean agurea Hartzkumeri agertu zitzaiolarik, honek makila ukaldi bakar batez azpiratu zuen. Kaska! Gero, gorpua lau puska egin, eta sukaldeko leiho txipitik jaurti zituen. Egun hartan bapo bazkaldu zuten hirurek ere eta, nahikoa beldurrik ezagutu ez zutelakoan, munduan aurrera jarraitu zuten.

Bidean aurrera, leize bat topatu, eta han barneratzeko gogoa piztu zitzaien. Egurginak, inominixtante, arbolak bihurtuz otar bat prestatu eta, adarñoez osaturiko soka batzuen bitartez, Hartzkume bertan jaitsi zuten leizean behera.

Amildegi zuloan atso bat agertu zitzaion. Adierazi zion han ez zela aspaldian pertsonarik barneratu, eta hamahiru gela zeudela. Hartzkume, burdinazko makilazoka, ate bat jo bestea jo, hamabi geletan sartu zen, eta akaberakoan bi neskatila topatu zituen. Erregearen alabak zirela adierazi zioten eta, deabruak eramanik, zortzi urtean preso egonak zirela. Neskatxek zazpina soineko zeuzkaten eta bakoitzak oihal zatiño bat eskaini zion, eta batek urrezko pilota bat ere eman zion, geroko seinaletzat.

Neskatxak leize ahora eramanik, egurginak eta errotariak otarrean igo zituzten, baina gero hura dank askatu, eta Hartzkumeren gainera erori zen. Halarik ere, bere larri hartan, gazteak etsi ez, eta atsoaren bitartez jakin ahal zuen aterabidea non zegoen.

Egurgina eta errotaria neskatxekin batera heldu ziren hirira, eta alabek aitzakiatu arren balentria hartan izan zela beste norbait, erregeak haien ezkontza prestatu zuen. Baina Hartzkume ere eztei egunean heldu zen eta, plazaren erdira bost kintaleko makilarekin agerturik, urrezko pilotarekin jostatzen hasi zen. ‘Aita, hori da deabruarengandik askatu gintuena!’, oihukatu zuten alabek, eta biak ala biak ere besarkada batean bildu zitzaizkion. Hartzkumek soineko puskak eta urre pilota erakutsi zituen eta bai egurgina bai errotaria hamar urteko kartzelaldira zigortu zituzten, zeren faltsian mintzatu baitziren.

Hartzkumek bere denbora pasatu zuen, neba-arrebak balira bezala, erregearen jauregian, haren bi alabekin. Eta hala ez bada, hala gerta dadila.

Maddi Ariztiaren Amattoren uzta liburuko ipuinaren moldaketa

Patxi Zubizarreta, Joan ~Hartzak, erlojuak eta beste piztia batzuk~

 [audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/12/zubizarreta-liburua.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!