Gurutze arrosak

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 17a, 17:00

Elixabete Garmendia

Gurutzeak dira, baina Señorita Pepysen kolekziokoak dirudite arrosa kolore horretan; gurutzeetan dauden izenak berriz, edozein foiletoietakoak izan zitezkeen: Lupita, Esmeralda, Claudia-Ivette… Ciudad Juarezetik dator irudia.

Hitzak Garikoitz Udabe kazetariak jarri dizkio, beste kazetari bati jasota, Judith Torrea iruñearrari hain zuzen ere. Azken hamazazpi urteotan 864 emakume baino gehiago hil omen dituzte Ciudad Juarezen, bahitu, bortxatu eta torturatu ondoren. Eta Torreak dio: “Lehen neska gazte txiro eta ederren aurkakoak ziren erailtzeak; orain, berriz, demokratizatu egin da, eta gaur egun edonor dago arriskuan”. Emakume izateagatik hiltzen omen dituzte.

Beste albiste honek ez dauka argazkirik. Hogeita bat urteko mutil batek hamasei urteko neska bat jipoitu du kalean, igande goizaldean; neska konorterik gabe aurkitu dute eta erietxera eraman behar izan dute, larri. Baina gertaera hau ez dator Ciudad Juarezetik, Bilbotik baizik, Deustua auzotik.

Atxagaren “Zazpi etxe Frantzian”-era doakit burua. Neska gaztetxo birjinen ehiza, militar belgiarren apetak asetzeko, XXgarren mende hasierako Kongon.

Emakume izatea aspalditik izan da arriskutsua Kongon, Mexikon edo hemen. Hortik etorriko da beldur anzestral hori, arrazionaltasunarekin baino senarekin zerikusi handiagoa duena. Egia da XXgarren mende hasierako Kongon senti zitekeena, edo egungo Ciudad Juarezen edo Bilbon senti daitekeena, ez direla neurri berekoak. Baina ez al da izugarria oraindik ere madarikazio horren pean egotea?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!