'Pelota basqua'-ri GPSa jarri diote

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 15a, 12:12

Prozesu Semantikoa

Joan den astean idatzi genuen oso zaila dela jakitea non demontre dagoen pelota basqua. Orain badirudi pilota basqua-k GPSa duela, aurrerantzean herritar arruntoi haren kokapenaren berri emanen diguna: Brian Currin. Abokatu eta bitartekari hegoafrikarrak adierazi du ezker abertzaleak jakinarazi diola The Organization-ek abendua baino lehen emango duela su-eten iraunkor, aldebakarreko eta egiaztagarria. Herritar arruntontzat oso albiste ona da Currin bezalako GPS fidagarria izatea. Zertaz ari ginen jabeturik, Txikiteroa, beti bezala, labur baina sakon mintzatu zaigu: “Eta zein heinean da fidagarria zuen GPS hori? Pelota basqua hor dagoela dio egiazki hor dagoelako ala hor egon dadin presionatu nahi duelako?”. To eta no. Tira, denborak argituko du. Again lerrook argitaratzen direnerako, The Organization-en agiria kalean da. Edo agian ez. Batek daki. Idazten dutelarik idazten dutela, The Organization-eko agirigileek inoiz baino tentu handiagoz erredaktatu beharko dute; izan ere, inoiz baino ñabardura semantiko gehiago jarri dira dantzan. Eta, beraz, ñabardura semantiko guztiekin asmatu behar. Bidenabar, hobe dute honako honetan agiria soilik idatziz zabaltzea. Izan ere, bideoa grabatzen badute, agiriak irakurtzen dituen kaputxaduna ito daiteke, meniari atxikiriko adjektibo guztiak kolpe bakarrean irakurtzen ahaleginduz gero: su-eten iraunkor, aldebakarreko, egiaztagarri, behin-betiko, atzerabiderik gabe, baldintzarik gabeko... aghhhhhhhh”. Aljer, Lizarra-Garazi, Anoeta-Loiolako prozesuen ondotik, Prozesu Semantikoa heldu da.

Bakezaleak

Maite zaituztegu. Horixe esan dute. “Badira bi pertsona klase, Felipe Gonzalez esaten duena esaten duela gorrotatzen dutenak, eta Felipe Gonzalez maite dutenak. Eta ni bigarren talde horretan nago”. Rubalcabak dixit. Hau da, Espainiako presidenteordeak maite du The Organization-eko buruak garbitzea ongi dagoenetz argi ez dakusan gizona, GALek Segundo Mareyren bahiketa bere agindupean zegoen ministro baten aginduz amaitu zuela dioena, PSOE ez beste alderdi guztien irudikoz GALeko X jauna dena. Baten batek esan lezake ez dagoela epairik dioenik Felipe Gonzalez X jauna zela eta beraz Rubalcabak bera maite duela esatea ez dela hain larria. Tira, Galindo jenerala epaiturik dago, 75 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Lasa eta Zabala torturatu eta erailtzeagatik. Eta Felipe Gonzalezek maite duela esan du: “Morroi handia da”. Finean, maite zaituztegu. Horixe esateagatik Hernaniko ANVko alkate Marian Beitialarrangoitia Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitu zuten. Epaituko al dituzte Rubalcaba eta Gonzalez? Fiskaltzak ez al du ikusi indarkeriaren goresmenik adierazpen horietan? Galdera erretorikoak dira, erantzunik behar ez dutenak, baina Txikiteroak, edonola ere, erantzun dizkigunak: “Ez zarete deus ulertzen ari. Rubalcaba eta Gonzalez bakegintzan sekulako ekarpena egiten ari dira. Irlandan amnistia asko erraztu zuen alde bateko eta beste presoak egoteak. Hemen, Otegi askatzea errazagoa izanen da, herritar espainiarrek argi badute Gonzalezek espetxean egon beharko lukeela. Eta beren bizkar odol-delituak dituzten The Organization-eko presoak askatzea errazagoa izanen da, herritar espainiarrek argi badute badirela Galindo bezalako GALeko kideak odol-delituen egile izanda, 75 urteko zigorra edukita, kalean direnak”. To eta no.

Apolitikoak

Espainiako Auzitegi Nazionalean aste honetan epaitu dituztenak, Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Arnaldo Otegi, Anoetako adierazpenaren aurkezpen ekitaldiaren kontura. Epaimahaiburuak behin baino gehiagotan isilarazi ditu auzipetuak -Otegi, bereziki- adierazpen politikoak egiten ari zirela argudiatuz. Are gehiago, lekuko moduan deklaratu duen PSEko presidente Jesus Egiguren ere behin eta berriz isilarazi du, Otegirekin izan dituen harreman politikoen berri ematen ahalegindu delarik. Madrilgo hedabideetan irakurri dugunez, “iturri juridikoen arabera, epaimahaiburuak eragotzi nahi izan du ekitaldi juridiko hutsa dena ekitaldi politiko bilakatzea”. Hau da, epaimahaiburuak tinkotasunez egin du justiziaren erabilpen politikoaren kontra, irmotasunez egin du justizia orbanik gabearen alde. Ederki. Nolanahi ere, irudipena dugu ez duela auzirik egokiena hautatu justizia apolitikoaren alde egiteko. Zer auzi hautatuko horretarako eta hiru ordezkari politikok ekimen politiko bat aurkezteko egindako ekitaldi politikoarena. Bada marka. Apolitikoak direla diotenak dira politika eskuindarra barneratuen daukaten pertsonak. Epaiketekin, bistan denez, antzeko zerbait gertatzen da. Ez dago epaiketa apolitikoa baino epaiketa politikoagorik. Bidenabar, atentzioa eman digu Otegik gazteleraz deklaratu duela epaimahaiaren aitzinean. Guk ez dugu ulertzen zergatik. Seguru asko, arrazoiren bat izanen da, baina guk, berriz diogu, ez dugu argi ikusten. Argi daukaguna, auzi honetako gure epaia: Otegi askatu. Are gehiago, Otegi libertad.

(Zaldi Eroak eta Juan Kruz Lakastak azaroaren 14an Berrian argitaratua).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!