Ipuin bat eta igarkizun bi

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 9a, 19:51

Patxi Zubuzarreta

1. Pipitaki, papataki, egurrean kristala, atean leihoa, zer da?

2. Jauregi dotore batean jaio zen Ling, familia aberats baten altzoan. Gazterik ezkondu zen eta bizimolde zoriontsua izan zuen emaztearen alboan. Gau batez, taberna zulo batean, Wang-Fo pintore xaharra ezagutu zuen, eta liluraturik ikusi zituen hark mozkorrei egindako erretratuak, batez ere haien begiak: benetan bizirik zeudela irudi zuen.

Lingek jauregira gonbidatu zuenean, Wang-Fok antzinako printzesa bat margotzeko gogoa erakutsi zuen, eta, ez bat ez bi, jaunak emazteari posatzeko agindu zion. Wang-Fok maitagarri jantzian pintatu zuen, Sartaldeko hodei artean, eta, koadroa amaitutakoan, emakume gaztea negarrari lotu zitzaion: eszenak eta giroak inondik inora heriotzaren hurbiltasuna sumarazi zioten. Ling, emaztea bera baino gehiago, haren erretratua maitatzen hasi zen, eta bien bitartean emakumea egunetik egunera zurbilago eta maxkalago zegoen. Zenbait egunen buruan, Lingek emaztea haranondo batean urkatua topatu zuen, lepoa biltzen zion bufandaren zerrendak ile luzeekin kateatzen zitzaizkiola. Wang-Fok urkaturik ere margotu zuen, izan ere gustatu egiten baitzitzaion hilotzek hartu ohi duten tonu urdinxka.

Hala bada, emaztea galdurik dena galdua zuelakoan, Lingek dena saldu, eta pintore xaharrarekin abiatu zen biderik bide. Baina gertatu zen, gau batez, ostatu batean lo zeudela, soldaduak ustekabean etorri zirela Wang-Fo atxilo hartzera. Soldaduek enperadore gaztearengana eraman zituztenean, hura pintoreari zuzendu zitzaion: ‘Aitak jauregiko gela urrun eta isil batean hezi ninduen, munduko zikinkeriatik eta gaiztakeriatik babesteko. Hamasei urte bete arte, zure koadroak nire leiho bakarra suertatu ziren, mundu perfektu eta akasgabea erakusten zidaten eta nik horren jaun eta jabe izango nintzela amesten nuen’. Agureak, orduan: ‘Ez dakit zer nahi duzun: zu gaztea zara, uda zara, eta ni, berriz, zaharra naiz, negua, alegia…’. Enperadoreak mendekua nahi zuen, mundu perfektu hark eragin zion kaltea eta desoreka gehiago jasan ezinik, mendekua desio zuen. ‘Aitak mundu zabalera atera ninduenean, dena itsusia eta zikina iruditu zitzaidan. Horrexegatik agindu dut zu hiltzea, baina horren aurretik eskuak moztuko dizkizute, eta begiak erre…’.

Enperadoreak pintorea hil nahi zuela esatearekin batera, Ling oldartu egin zitzaion, baina soldadu bat aurreratu, eta burua moztu zion ezpataz. Enperadoreak, orduan, axolagabe esan zuen: ‘Hala ere, zu hil aurretik, amaitzeke utzitako koadro bat amaitu beharko didazu’. Wang-Fok ez zuen koadroa oroitzen, baina ekarri ziotenean argi antzeman zion bere lanari: mendiak ageri ziren, ibai bokale bat eta, hondoan, itsasoa. Seguruenik, margotzen ari zela, txoriren baten hegaldiari erreparatuko zion, edo txoria harrapatu nahian zihoan mutikoari…, eta koadroa amaitzea ahantzi.

Wang-Fo asaldaturik zegoen, goibel, eta tristezia horrekin ekin behar izan zion lanari. Hodeiei azken ukitua eman zien, eta olatuei aparra marrazten ari zitzaiela, ustekabean, oinak bustirik zeuzkala ohartu zen, eta jauregiko zorua urez betetzen hasia zegoela: koadroko mihisean txalupa bat hurbilagotzen ari zitzaion, eta unetik unera garbiago entzuten zen arraun hotsa.

Aretoko guztiak, harria baino isilago, koadroari begirik kendu gabe zeuden. Koadroko ura jauregiraino bertaraino barneratu zen eta txalupan nor eta Ling bera zetorren, lepoa zapi gorri batez bildua. ‘Hilik zeundela uste nuen’, mintzatu zitzaion pintorea, harropuzturik. ‘Zu bizirik eta ni hilik?’, Lingek erantzun, ‘ezta pentsatu ere’, eta eskua luzatu zion txalupara igo zedin.

Isiltasun eta geldotasun giro hartan, ur maila enperadorearen eta gainerakoen lepora heltzen hasia zegoela, txalupa koadroko mihisean barrena urrundu zen. ‘Hauek guztiak hil egingo ote dira ba?’, galdegin zuen pintoreak haiei begira. ‘Ez kezkatu, maisu, hauek ez dira pintura batean sartzeko gai’, Lingek arrapostu. Eta pintorea eta laguna txalupan urrundu ahala hasi zen ur maila ere beheratzen. Enperadoreak, halako batean, eskua jaso zuen begietara. Txalupa ez zen apenas ikusten, eta noizbait ere harkaitz baten atzealdean aienatu zen. Wang-Fo eta Ling betiko desagertu ziren pintoreak sortutako jadezko itsaso eder hartan.

3. Pipitaki, papataki, badago eta ez dago, begi bat da eta ez da; ikusi ez arren, ikusi egiten zaitu. Zer da?

(Behatxuloa edo mirilla)

[audio http://euskalerriairratia.com/wp-content/uploads/2010/11/p-zubizarreta-burutazioa.mp3]

Deskargatu

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!