Gaitzespen fluoreszentea

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 8a, 18:40

Abiadura Handiko Esperpentoa

Abiadura Handiko Trenaren aurkako protesta moduan Arga ibaia berde fluoreszentez tindatzea “ingurumenaren aurkako erasoa” eta “ekologiaren kontrako sabotajea” da, Iruñeko Udaleko osoko bilkuran UPNk eta PSNk onarturiko gaitzespen mozioaren arabera. To eta no. Hori guztia da ugaldea denbora tarte labur batez tindatzea animaliak eta landareak kaltetzen ez dituen sustantziarekin, AHTren alde -eta beraz tunelen bitartez hainbat lurrazpiko erreka behin betiko suntsituko duen proiektuaren alde- daudenen arabera. Erasoa, sabotajea, gaitzespena. Betiko eskema, lan gutxiren truke etekin handia ematen diena eta azkenaldian aplikagarria ez dena. Irudi luke abstinentzia sindromeak jota dabiltzala, eta horrek iparra galtzera eta halako esperpento fluoreszentea gauzatzera eraman dituela. Batek daki, akaso haien bizitza pertsonalean ere halakoak egiten dituzte. Konparaziora, igogailuan auzokoarekin topo egiterakoan:

A: Egunon.

B: Zure agur hori gaitzesten dut, logikaren aurkako atentatua eta meteorologiaren kontrako sabotajea delako; izan ere, gaur eguraldi txarra dugu.

A: Ez dut eztabaidatu nahi.

B: Zure adierazpen hori gaitzesten dut, komunikazioaren aurkako atentatua eta elkarbizitzaren kontrako sabotajea baita.

A: Lasai, ni hitz egiteko prest nago. Zer moduz familia?

B: Zure galdera hori gaitzesten dut, nire intimitatearen aurkako erasoa eta gure etxeko giro lasaiaren kontrako sabotajea da eta.

A: Ufa, banoa, ongi izan.

B: Zure agur hori gaitzesten dut, nire askatasunaren aurkako erasoa eta nire erabakimenaren kontrako sabotajea delako. Izan ere, gaizki pasatzeko dudan eskubidea urratzen ari zara.

 

Fluoreszeina pixka bat, otoi

Fluoreszeina sodiko deitzen da Mugitu! taldeko kideek ugaldeak tindatzeko ibili duten sustantzia. Espeleologian erabili ohi da. Eta ura berde fosforeszentez tindatzen du, lur azpian nondik nora doan errazago igarri ahal izateko. Guk gustura botako genioke pilota basquari fluoreszeina sodiko pixka bat, nondik nora dabilen igarri ahal izateko; izan ere, bistakoa da gauza bat dela azalean gertatzen ari dena -batzuek eta bestetzuek egiten dituzten azaleko adierazpenak- eta beste bat, zeharo ezberdina, sakonean gertatzen ari dena -kazetarion begi eta belarri luzeetatik at batzuek eta bestetzuek egiten dituzten sakoneko mugimenduak-. Imanol Muruaren Loiolako hegiak liburu guztiz gomendagarrian ederki ikusten da hori. Gertatzen dena azaletik begiratuta, duela bi aste inguru Madrilen dena azkartzen ari zela zirudien, Otegiren elkarrizketaren eta Zapateroren adierazpenen kontura. Orain, aldiz, dena mantsotu egin dela ematen du, Jauregik eta Rubalcabak egindako adierazpenak direla eta. Baina sakoneko mugimenduei doakienez, agian duela 15 egun dena oso mantso zihoan eta orain dena oso azkar doa. Beraz, badaude arrazoiak ezkor zein baikor izateko. Beste modu batean adierazita -edo aitortuta-, Zaldieroak eta biok ez dakigu gauzak nola demontre doazen. Herritar arruntak garen heinean, hori ona izan liteke: askotan esaten dute halako prozesuek aurrera egin dezaten ezinbestekoa dela eragileek diskrezio osoz lan egin ahal izatea haien artean. Baina txarra ere izan liteke: eragileek orain arte zenbatetan egin duten porrot ikusita, beharbada ongi legoke herritar arruntok, gizarte zibilak, pisu handiagoa edukitzea prozesuan. Tira, beharbada zuek gauzak argiago dauzkazue, gerta bailiteke lerrook argitaratzen direnerako adierazpen garrantzitsuren bat karrikaratzea. Edo ez.

 

Editorializatzen

Amaitzeko, porrusalda. Bat: honako honetan prozesua ongi aterako balitz, askok diote presoak askatzeko arazo latzak izanen liratekeela biktimen elkarteek azkenaldian hartu dituzten jarrerak direla kausa. Ez du zertan. Bada terrorismoagatik 75 urteko espetxe zigorra jaso eta lau urtean aske geratu denik, inork deus esan gabe: Galindo jenerala. 2000 urtean kartzelaratu zuten eta 2004an karrikaratu. Haren etxean jaso du Estrasburgoren epaia. Bi: harrituta gaude. Irailaren 23an, 50 bat gaztek liskarrak eragin zituzten Gasteizen. Autoak zein zabor edukiontziak gurutzatu zituzten, Ertzaintzaren kontra oldartu ziren eta hiru herritar zauritu zituzten. Haatik, interneten eta kasualitatez jaso dugu gertakarion berria. Harrigarria egin zaigula diogu, Euskal Herriko edozein bazterretan edukiontzi bat eta bakarra errez gero, hainbat hedabidek egun osoa ematen dutelako horren inguruan bueltaka eta jiraka. Norbaitek kutxazain bat erretzen badu -inor zauritu gabe izanagatik ere-, telebista guztiek haren bideoa pantailaratzen dutelako, gaizkilerik bilatuena bailitzan, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak hala eskatuta. Agian, apika, beharbada, Gasteizko liskarron tratamendua bestelakoa izan da eragin zituztenak Logroñes taldearen jarraitzaileak izan zirelako. Hiru: BERRIAren berritzearen kontura, Zaldieroaren zinta lekualdatu eta iritzi orrialdeetara eraman dute, iritzi artikulu serio eta pisudunen ondora. Hori horrela, badugu BERRIA berritu duen taldearentzako proposamen bat: Serio Demonio igandeetan iritzi orrialdeetan sar dezatela, editorial moduan.

(Zaldi Eroak eta Juan Kruz Lakastak Berria-ko Igandea gehigarrian argitaratua, 2010eko azaroaren 7an)

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!