Intolerantzia eta mespretxua parrastaka

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 2a, 16:11

Fermin Erbiti

Sanchez Ostiz eta Pablo Antoñana dira, dudarik gabe, Nafarroak azken urteetan eman dituen idazle hoberenetakoak. Pamiela argitaletxeak karrikaratu berri duen liburu batean, biak ditugu protagonista: iruinsemea Antoñanaren bizitzaz eta literatur lanez mintzo da, beti bezain zorrotz, Bianakoak ez baitzuen bestelakorik merezi.

Sanchez Ostizek Antoñanak Nafarroaz esandakoa gogoratzen du: "Intolerantzia eta mespretxua parrastaka", horixe omen da gure lurralde hau. "Elkar ikusten dugu, elkar ezagutzen dugu, baino ez dugu elkar maite", zioen Antoñanak. Agian, ideia politikoak erlijio bihurtu ditugulako, iritzi ezberdina gure aurkako iraintzat hartzen segitzen dugulako. Agian, etsaiak behar beharrezkoak ditugulako bizitzen segitzeko, nor bere kuadrilaren babespean, bakoitza bere lubakian, hortik atera gabe.

Orain, batzuk beren perestroika egiten ari diren honetan, honetaz gogoeta egiteko garai aproposa izan daiteke, noizbait lubakia utzi eta elkar bizitza posible dela erakusten saiatzeko. Horrela, ez dakit noizbait elkar maitatzeraino helduko ote garen, agian hori amaiera zoriontsuegia litzateke benetakoa izateko.

Elkar errespetatzea, ordea, ez dirudi gehiegizko eskaera denik. Eta horretan nafar agintariek ere badute zer eginik...

Intolerantzia eta mespretxua parrastaka

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!