Berrogeialdi demokratikoa

Euskalerria Irratia 2010ko aza. 2a, 09:34

Basagoitik esan du The Organization-ek armak utziko balitu ere Batasunari lau urteko “berrogeialdi demokratikoa” ezarri beharko litzaiokeela. Datozen lau urteotan hauteskundeetan parte hartzea debekatu beharko litzaiokeela, alegia. Eta epe hori gainditzen dutenean -hau ez zuen esan, baina seguru buruan duela eta hurrengo batean botako duela-, kotoiaren proba demokratikoa egin beharko litzaieke, benetan konbertitu direla egiaztatzeko: Otegik eta Batasunako Mahai Nazionaleko kide guztiek Donejakue bidea egin beharko lukete, Espainiako selekzioaren elastikoa jantzita, Manolo Escobarren Que viva España! kanta etengabe entzunarazten duen irrati-kasetearekin eta oinutsik... Ez, oinutsik ez, hobeki flamenko dantzarien zapata takoidun ezeroso horiekin. Berrogeialdi demokratikoa. Kontzeptu biribila. Kasu; izan ere, behin asmatuta, Basagoitik apika zuku gehiago atera nahiko dio. Ez dago zertan Batasunarekin soilik aplikatu. Azkenaldian etengabe haren eskutik helduta dabilen Eusko Alkartasunari ere aplika dakioke. Eta Gernikako adierazpena Batasunarekin eta EArekin batera sinatu duen Aralarri. Eta Bilboko manifestazioan Batasunarekin, EArekin eta Aralarrekin parte hartu duen EAJri. Eta protestaldi horretara goi ordezkari ugari bidali duen Ezker Batuari. Zer demontre, baita PSEri ere, hainbat egunkarik diotenez, Batasunarekin bilerak egin ditu eta. Batasuna, EA, Aralar, EAJ, EB eta PSE, denei aplikatu behar zaie berrogeialdi demokratikoa, denei debekatu behar zaie hauteskundeetara aurkeztea. Eta, hartara, ari, ari, ari, Basagoiti lehendakari. Esan gabe doa: lehendakari txit demokratikoa.

Camille, Jordi, Imanol

Azken asteotan, hainbat hedabidek zabaldu dute Camille hartzaren heriotzaren berria.  Baina berria ez zen berria, Berrian aspaldi argitaratu baitzuen Edurne Elizondo kazetari finak. Euskarazko prentsaren aje ugarietako bat, hark plazaratzen dituen primiziek duten oihartzun urria. Camille bizirik egon da norbaitek gazteleraz hil duen arte. Diogunaren beste adibide bat: Imanol Murua Uriak aspaldi argitaratu zuen azken negoziazio prozesuaren inguruko hainbat datu berri bezain mamitsu eskaintzen dituen Loiolako hegiak liburua, baina gaztelerara itzulita plazaratu duen arte, ez du hedabide handien interesa piztu. Aurrekoan, LaSexta telebista kate espainiarreko Jordi Evole El Follonero aurkezleak elkarrizketa egin zion Loiolan bertan. Berria.info-ren bitartez jakin dugu. Albisteak poztu gaitu, bistan baita umore saio batean elkarrizketatua izateak prestigioa kentzen diola Muruari, eta Zaldieroa garaile egiten duela biok Euskal Herriko analista politiko erreferentziazkoa izateko duten lehian. El Follonero Donostian ere izan da, Martxelo Otamendiri beste elkarrizketa bat egiten. Hori El Confidencial Digital agerkariaren irakurri dugu. Albistearen titularra, zinez ikusgarria: “Talde armatuko kide izateagatik absolbituriko Martxelo Otamendiri elkarrizketa egiten harrapatu du Guardia Zibilak El Follonero (LaSexta)”. To eta no! Hona hemen gure lerro-buru proposamena: “Batere aurrekari penalik gabeko bi kazetariren arteko elkarrizketa kontrolatuz, informatzeko eskubidea larriki urratu du Guardia Zibilak”.

Normalizatzaileen anormaltasuna

Gaur, amaitzeko, purrusalda. Bat: normaltasunaren aurkako eraso latza. Beste behin ere, obseso identitarioen ahalegina egungo marko administratibo guztiz normala gainditu, eta Euskal Herria kontzeptu zeharo anormala indartzeko. Azken egunotan, Euskadi literatur sariak banatu dituzte. Euskarazko Narratiba saria Fermin Etxegoienen liburu batek jaso du. Eta gaztelerazko Saiakera Saria Alberdania argitaletxearen liburu batentzat izan da. Horraino, dena normala. Baina horren atzean, anormaltasun handiak daude. Izan ere, Fermin Etxegoien idazle euskalautonomiaerkidegotarraren Autokarabana Pamiela argitaletxe nafarrak karrikaratu du. Eta Alberdania argitaletxe euskalautonomiaerkidegotarrak plazaraturiko Sin tiempo que perder liburua Miguel Sanchez Ostiz nafarrak idatzi du. Anormaltasun onartezina. Patxi Lopez lehendakariak horren arduradunak kargugabetu beharko lituzke. Edo Basagoitik PSE-PP akordioa hautsi beharko luke. Edo Miguel Sanzek Nafarroako Gobernuak Eusko Jaurlaritzarekin harreman diplomatikoak hautsi beharko lituzke. Kontraforua! Bi: Portu eta Sarasolaren ustezko torturen auziaren epaiketa. Portu eta Sarasolaren lagun eta senideak auzi-aretoan sartzea eragotzi dute kalez jantziriko hainbat guardia zibilek, bultzaka, kolpeka, sexu-ukimenen bitartez. Epaiketa egiten zen bitartean, areto barruan, kalez jantziriko guardia zibil horiek beraiek txistu egin diete torturak salatu dituztenei eta txalo torturatzeaz akusaturikoei. Hor ez al dago biktimekiko mespretxurik? Ez al dira delitu larri baten apologia egiten ari? Zergatik hor inguruan zebilen Ertzaintzak ez zuen deus egin?

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!